Arnaitz Gorriti

Arrauna aste arraro baten osteko «normaltasunera» itzuli da

Urdaibairi eginiko balizko espioitza kasua atzean lagata eta zaleei estropadetara ez joateko gomendioa aldean dutela, Eusko Label eta Euskotren Ligak bueltan dira, Hondarribian eta Ondarroan. Emakumeen artean, ongi etorria izango da Arraun Lagunak bueltan dela; KAE1 Ligan, berriz, Getariak ezingo du parterik hartu ez etxean, ez eta Getxon ere. KAE2 eta ETE Ligek, berriz, hitzorduak dituzte Zarautzen eta Ondarroan zapatuan eta Donibane Lohizunen domekan.

Euskadiko eta Estatuko txapeldun, Eusko Label Ligan ere maila hortara hurbildu nahiko luke Zierbenak (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Euskadiko eta Estatuko txapeldun, Eusko Label Ligan ere maila hortara hurbildu nahiko luke Zierbenak (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Euskadiko Txapelketak eta Estatukoa joan zen asteburuan jokatu ziren eta badirudi mende bat pasa dela dagoeneko. Eusko Label Ligari dagokionez, Hondarribia –larunbatez, 18.00etan– eta Ondarroa –domeka eguerdiko 12.00etan– «normaltasun« itxura batean itzuliko da, baina auskalo zein normaltasun izango den hori. Aste hau berau da lekuko: lider doan Urdaibai taldeak balizko espiotza kasu bat salatu du nahiz eta azkenean zarata handirik gabe pasatzen laga duen, balizko «agente sekretuokin» harremanetan jarrita kontuak garbitu omen dituztenez gero.

Bestela ere, Eusko Label Ligak aurten badu zerikusia eta ezustekoentzat tarte nahikoa. Hondarribia da orain arte bandera gehien eskuratu dituen taldea, baina ohorezko txandatik urrun dabil. Aldiz, ikusi egin behar Santurtzi azken bi asteburuetan hankamotz aritu ondoren, ea bere mailara itzultzen den: Itsasoko Ama Arraun Taldeak Bizkaiko Txapelketa ez beste estropadarik ez du irabazi, baina Urdaibairen atzetik puntu bakarrera dago Eusko label Ligako sailkapenean. Donostiarra eta Orio ere Urdaibairenganddik hiru eta lau puntura baino ez daude, hurrenez hurren. Bada, asteburuko estropadek badute nahikoa interes kirol auziak bere horretan bakarrik hartuta ere.

Bestetik, Zierbena nagusi izan zen Euskadiko eta Espainiako txapelketan, baina Eusko Label Liga itzultzeaz bat, kupoek estututa egin beharko dute arraunean eta ikusi egin behar Juan Zunzuneguirenek mailari eusten dioten Hondarribiako eta Ondarroako asteburuko estropadetan.

Segurtasun gomendioak

«Larunbatean, Hondarribian, Kirol Portuko traineruen ontziratze gunea mugatuko da. Bestalde, hondartzako espigoia eta Kai Berria ere itxita egongo dira eta ezin izango da estropada ikustera pasa aurreko edizioetan bezala» aipatzen du xehetasunez Eusko Label Ligako webguneak.

«Igandean Ondarroan, portuan kokatuta dauden ontziratze gune eta gune teknikorako sarbidea itxita egongo da», gaineratzen du.

Horren gutztiaren ondorioz. «estropadak zuzenean jarrai ditzakezuela ETB, TVG, irrati eta sare sozialen bidez» gogorarazi nahi izan dute Eusko Label eta Euskotren Ligetako antolatzaileek.

Covid-19a nonahi

Euskotren Ligak Oriorentzat ia seguru izaten amaitu lezake asteburua, nahiz eta Euskadiko Txapelketan Donostiarrak erakutsi zuen mirotzei irabazteko baduela gaia. Alabaina, emakumeen liga nagusiko albisterik pozgarriena Arraun Lagunak taldearen «Lugañene» Hondarribia eta Ondarroan uretan ikusi ahal izatea izango da, covid-19aren amesgaiztoa mementoz albo batera lagata. Hondarribiko eta Ondarroako hitzorduetan –Eusko Label Ligako estropadak baino 20 minutu lehenago– aspaldiko partez guztiak ariko dira lehian, eta ez da gutxi.

Izan ere, covid-19a da, hain zuzen, aste hontan berriz ere arraun munduan nolabaiteko isileko protagonista. KAE 1 Ligan, Getariak ezingo du ez etxean –zapatuan, 12.00etan– ezta Getxon –domekan 19.00etan– ere ureratu, koronabirusak jotako lagun bat baita taldean eta beste guztiek PCR probez gain isolamendua ere pairatu behar baitute.

Lehiari berari dagokionez, ikusi egin behar Joseba Fernandez sanjuandarrak zuzentzen duen Pedreñak joan den asteburuan adinako maila erakusten duen eta bere aldea zabaltzeko kapaz den ala ez.

KAE 2 eta ETE Liga ere hemen dira. KAE 2 Ligan Zarautzen jokatuko du zapatu arratsaldeko proba, 18.00etan hasita. Igandean, berriz, 17.00etan Donibane Lohizunen amaituko du asteburuko jarduna, eta ea Castro eta Larpudiren arteko lehia zeinen alde hasten den erortzen.

ETE Ligako emakumeek, aldiz, Ondarroan izango dite hitzordua larunbatez, eguerdiko 11.00etan. Domekan, bestetik, hauek ere Donibane Lohizunera joango dira eta 18.00etatik aurrera amaituko dituzte asteburuko lanak. Gogoan izan Tolosaldea dela hemen nagusi, San Juanek baino zortzi puntu gehiagorekin.