NAIZ

Belgikako Auzitegiak ukatu egin du Puig-en Espainiaratzea eta erabakiak irizpidea ezar dezake

Bruselako epaitegiak ukatu egin du Lluis Puig sailburu katalanaren Espainiaratzea. Belgikak ebatzi du euroagindua eskatu duen Estatu espainoleko Auzitegi Nagusiko epaile instruktoreak, Pablo Llarenak, ez duela eskuduntzarik hori egiteko. Erabaki honek irizpidea ezarri dezake, beraz, gainontzeko euroaginduak ebazterakoan.

Lluis Puig, Bruselatik emandako prentsaurrekoan. (Francois WALSCHAERTS / AFP)
Lluis Puig, Bruselatik emandako prentsaurrekoan. (Francois WALSCHAERTS / AFP)

Espaniar jazarpenari ihes egiteko atzerrian dagoen Lluis Puig sailburu katalana Espainiaratzeko euroagindua erregistratu zuen Estatu espainoleko Auzitegi Nagusiak, prozesu independentistan ustez funtsak bidegabe erabiltzeagatik. Bruselako epaitegiko lehen instantziako epaileak, ordea, ukatu egin du euroagindua ostiral honetan, kasu hau epaile instruktore Pablo Llarenaren eskuduntza ez dela ebatzita.

Bruselako Fiskaltzak jakinarazi du berria. Gainera, abisatu du eskakizun honen gaineko helegitea jartzea ala ez aztertzen ari direla.

2017an atzerrira joan ziren politiko katalanen aurka Estatu espainoleko epaitegiek «atxilotze eta entregatze agindua» erregistratu zuten eta ostiral honetan jakinarazitako erabakia Belgikak ematen duen aurrenekoa izan da. Gainontzekoak ebazterako orduan irizpidea ezarri dezake erabaki honek.

«Betidanik sinestu izan dugu Auzitegi Nagusiak ez duela eskuduntzarik gertakari eta pertsona hauek epaitzeko. Orain, Belgikako epaileek arrazoia eman digute eta honek ondorioak izan ditzake ebazteke dauden euroaginduetan. Ezbairik gabe, notizi onak dira Puig-entzat zein denontzat», adierazi du Twitterren Gonzalo Boyek, politikari independentisten defentsak.

Fiskaltzaren helegitea

Bestalde, Bruselako Fiskaltzak lehen auzialdiko epaile belgikarraren ebazpenaren aurkako errekurtsoa jarri du ostiral honetako arratsaldean, erabakia jakin eta lau ordura..

«Bruselako Fiskaltzak errekurtsoa jarri du Kontseiluaren Ganberaren erabakiaren aurka», adierazi du Belgikako Ministerio Publikoak jakinarazpen labur batean, informazio gehigarririk eman gabe.