NAIZ
DONOSTIA

‘Itxitik’, konfinamenduaz film laburrak ekoizteko deialdia

Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Zineuskadirekin lankidetzan, 255.000 euro ahalbidetuko ditu itxialdiaren inguruko zazpi film labur ekoizteko. ‘Itxitik’ programaren ondotik aukeratuak diren lanak beren programazioan sartzeko konpromisoa hartu dute Zinemaldiak eta ZineBik, ikuslegoarengana ailegatuko direla bermatuz.

Itxialdiaren gainekoak izan behar dute film laburrek. (Gorka RUBIO I FOKU)
Itxialdiaren gainekoak izan behar dute film laburrek. (Gorka RUBIO I FOKU)

Berrogeialdia izan zena zinema bidez jaso eta kontatzea, eta aldi berean honekin oso kaltetua izan den sektorea suspertzea, da helburua. ‘Itxitik’ deialdi berria iragarri dute Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Zineuskadik, eta horretarako 255.000 euroko aurrekontua duen diru-laguntzen programa bat abiarazi dute.

Covid-19ak ekarritako eszenatoki berriari, zehazki konfinamenduari buruzko zazpi film laburren ekoizpena babesteko, eta horrela bertako ikus-entzunezko jarduera profesionala suspertzeko, «pandemiak nabarmen kaltetu duen sektorea den aldetik», azaldu du Zineuskadik ohar baten bidez ostiral honetan.

Gainera, Donostiako Zinemaldiak eta Bilboko ZineBik beren programazioan deialdi honen bidez sailkatutako film laburrak sartzeko konpromisoa hartuko dute; helburua, lan horiek ikuslegoarena ailegatuko direla bermatzea.

«Krisialdiak kulturaren eta zinemaren sektorearen jarduna eten duen eta haiek ekonomikoki mehatxupean jarri dituen testuinguru honetan, ezinbestekoa da horien jarduera dinamizatuko duten proiektuak sustatzea elkarlan-prozesuan bidez, eta horren adibide dugu deialdi hau», berretsi dute sinatzaileek. Zehazki, Lakua, Zineuskadiren, EitB, Zinemaldia, ZineBi eta Ezaeren arteko elkarlana da.

Ekimen hau Lakuako Kultura Sailak osasun-larrialdiaren ondorioen aurrean kulturaren sektorea babesteko ezarri duen 2.645.000 euroko laguntza-poltsan sartzen da.

Deialdia EAEko ikus-entzunezko sektoreko profesionalei zuzenduta dago, haiek zazpi film labur eta ondoren lan konposatu modura deialdiak ematen dituen film laburrak harilkatzen dituen film luze bat ekoitz dezaten. Ekimen honen bitartez, ikus-entzuleek konfinamenduaren inguruko zazpi erretratuz, zazpi begiradaz, gozatzeko aukera izango dute.

Eskaerak aurkezteko epea Zineuskadi-ren webgunean deialdia argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta argitaratu eta hamabost egun baliodunera amaituko da.