ASIER AIESTARAN

Jokoan antzekoak, eta orain sailkapenean ere berdinduta

Altuna III.ak eta Ander Imazek 16-22 menderatu dituzte Bengoetxea VI.a eta Martija Zestoan. Bi bikoteak bost garaipenekin berdinduta geratzen dira orain sailkapenaren goikaldean. Artola-Rezusta eta Ezkurdia-Aranguren izan dira ostiral gaueko beste bi partiden irabazleak.

Altuna ikusgarri aritu da Zestoan (Idoia ZABALETA / FOKU)
Altuna ikusgarri aritu da Zestoan (Idoia ZABALETA / FOKU)

Zaila da txapelketa edo torneo batean Zestoan elkarren aurka neurtu diren bi bikoteak baino antzekoagoak aurkitzea. Atzean bi pilotari oso seguru, kolpe gehiegi ez baina gutxi galtzen dutenak, eta aurrean bi errematzaile bihurri, errematera sartzea gustatzen zaienak.

Azkenean, Altuna III.a eta Ander Imaz nagusitu dira 16-22, azken txanpan sei tantoko partzial batekin neurketa erabakita utziz, baina 16-16kora arte Bengoetxea VI.a eta Martija ere oso txukun aritu dira.

Lau pilotariek ederki jokatu duten arren, Jokin Altuna izan da laukotean gehien nabarmendu dena. Jokoan egindako 15 tanto apuntatu dizkiogu, bat gehiago sakez, eta defentsan ere ikusgarri aritu da.

Emaitza honekin, bi bikoteak bost garaipenekin berdinduta gelditzen dira sailkapenaren goikaldean, eta inguruan dituzten beste bikoteek egiten dutenaren zain.

Oinatz Bengoetxea eta Julen Martija 2-0 eta 3-1 aurreratu dira, tartean Altunak egindako pare bat opari baliatuz. Baina, amezketarrak martxa hartu bezain pronto egoera aldatzen joan da.

Lehen partziala bost tantokoa izan da, 3-1ekotik 3-6kora igaroz, eta hortik aurrera urdinak ia beti aurretik joan dira markagailuan. Norgehiagoka oso parekatua izan da, baina abantaila ia beti urdinena.

Partida entretenigarria izan da, erremate askorekin, eta pilotariek defentsan ere lan asko egin behar izan dute. Bote arraroak, bueltaren bat ere bai, tanto gogorrak...

Urdinek abantaila handiena 10-15ean hartu dute, Altunak egindako tanto eder baten ostean, baina gorriek azkar erreakzionatu dute: Imazek izan duen beherakada baten ondoren emaitza 16-16 berdintzea lortu dute Oinatzek sakez segidan egindako bi tantorekin.

Baina amaierak emozio gehiago izango zuela ematen zuenean, Jokin Altuna agertu da berriz ere eta neurketa aitaren batean erabaki du.

Sei tantoko partzial bati esker 16-22ra joan dira urdinak eta gorriek amore eman behar izan dute. Sentitu duten inpotentziaren adibide onena Martijak azken tantoa oso urrunetik bota duen dejada.

«Bikote oso antzekoak gara, batzuetan gu nagusitzen ginen eta besteetan beraiek, eta horelakoetan normala da takadak egotea. Azken takada hori gure alde erori da eta horek erabaki du», aitortu du Altunak dema amaieran.

Beste bi neurketak

Sailkapenaren buruari dagokionez, bestalde, Artola eta Rezusta dira lider sendoak, Zizurkilen Jaka eta Albisuri 14-22 irabazi ostean. Hemen ere gorriak 4-1 aurreratu dira, baina hortik aurrera nabarmen nagusitu dira Iñaki Artola eta Beñat Rezusta.

Sei tantoko lehen partzial batekin markagailuari buelta ematea lortu dute (4-7), eta hortik aurrera, beren lana oso txukun eginez, tarteak irekitzen joan dira azken 14-22ko emaitzara arte.

Azkenik, Getariako Sahatsaga pilotalekuan, Ezkurdia eta Aranbguren izan dira garaile Olaizola II.a eta Zabaleta 17-22 mendean hartuta. Partidaren gakoa urdinen hasiera indartsua izan da, 0-7 eta 1-9 aurreratu baitira markagailuan.

Beste neurketa batzuetan gertatu zaion antzera, Jose Javier Zabaletak pilota gehitxo galdu ditu hasiera horretan eta gero kosta egin zaie gorriei markagailuko tartea jatea. Hala ere, eta 6-14 galtzen egon ostean, 13-15era hurbildu dira lehenik eta 17-17 ere berdindu dute norgehiagoka.

Azken txanpan, ordea, urdinek askoz gehiago asmatu dute eta laugarren puntua eskuratu dute sailkapenean, hain zuzen ere Olaizola II.a eta Zabaleta harrapatuz.

Ezkurdia izan da laukoteko onena, jokoan 8 tanto eginez eta sakez beste 2 gehiago. Aranguren ere txukun aritu da 3 egin eta 3 galduz. Zabaletak azkenean 7 izan ditu galduak eta hortxe egon da aldea.