naiz

Madrilek eta FEMPek udalerriak gehiago ez zorpetzeko hartutako akordioa gaitzetsi du EH Bilduk

Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federezioak ez dela gehiago zorpetuko Madrilgo Gobernuarekin adostu duen arren, EH Bilduk oroitarazi du maiatzean Nafarroako Gobernuak Pedro Sanchezen exekutiboarekin kontrakoa adostu zuela, hau da, zorpetze ahalmena handitzea. Lehenbiziko ituna errespetatzea galdegin du indar subiranistak.

Montero Ogasun ministroa, Donostian aurreko hauteskunde kanpainan. (Idoia ZABALETA | FOKU)
Montero Ogasun ministroa, Donostian aurreko hauteskunde kanpainan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Maiatzaren 20an, EH Bilduk akordio bat lortu zuen Madrilgo Gobernua osatzen duten bi alderdiek, oihartzun handia izan zuena. Alarma-egoeraren bosgarren luzapenari baiezko botoa ematearen truke, PSOEk eta Unidas Podemosek PPren lan-erreforma «osorik indargabetzeko» konpromisoa hartu zuten, geroago aldatu bazuten ere. Baina testuak bazuen bigarren atal bat ere, non bi konpromiso aipatzen diren: toki eta eskualde administrazioen gastu araua berrikustea eta Nafarroaren eta EAEko zorpetze ahalmena handitzea.

Alabaina, Espainiako Gobernuak eta Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioak (FEMP, gaztelerazko sigletan) asteartean egindako negozioazioetan, adostu zuten euren superabita Estatuari eman beharko diotela eta, beraz, gehiago ez zorpetzea, EH Bilduk Madrilekin adostu zuen akordioa hautsiz.

Zehatzago, Espainiako Gobernuak 5.000 milioiko funtsa eskaintzen die udalei eta haien gerakinen %100 itzuliko die hamar urteko epean pandemiaren ondorio ekonomikoei aurre egin ahal izateko. Halaber, zirriborroak toki entitateek Bruselasen onetsitako Europako funtsaren banaketan parte hartzea aurreikusten du. Espainiak 140.000 milioi jasoko ditu osotara funts horretatik.

Aurreikusitakoari jarraiki, hala nahi duten udalek haien altxortegiko gerakin guztia Estatuari maileguan emateko konpromiso adieraziko diote Gobernuari. Gobernuak, berriz, gerakin hori 10 urteko epean itzuliko die. Hala ere, egungo ekitaldian eta 2021ekoaren artean 5.000 milioi itzuliko dizkie.

EH Bildu, aurka

EH Bilduk gogor gaitzetsi du aipatu akordioa, eta erabaki hori «berehala indargabetzea» egiteko exijitu du. Tokiko erakundeek «covid-19ren krisiaren ondorio sozialak arintzera bideratutako politika publikoetarako soberakina eduki ahal izatea» eskatu du; maiatzaren 20an EH Bilduk, PSOEk eta Unidas Podemosek Madrilen sinatutako akordioan jasotzen zen bezala. Horrenbestez, sinatutako akordioa bete egin behar dala esan du, eta hortaz, ez dela bateragarria asteartean hartutako erabakiarekin. 


Koalizio subiranistak, gainera, «PPk eta UPNk onartutako Aurrekontuen Egonkortasunerako Legea makillatzeko PSOEk egindako ahalegina» dela uste du, «erabateko zentralizazioa ekarri duena, udalen autonomiaren aurkako erasoa eta zorra ordaintzeari lehentasuna ematea, herritarren beharren gainetik, Espainiako Konstituzioaren 135. artikuluan ezarritako betebeharra».

Era berean, kritikatu du PSOEk Montoro Legea eta Espainiako Konstituzioaren 135. artikulua indargabetzeko «borondate politikorik ez izatea», «ezta egungo testuinguruan ere, non erakundeek eta udalek, bereziki, behar sozial eta ekonomikoei aurre egiteko baliabide guztiak behar dituzten, kohesio soziala ziurtatzeko, tokiko ehun produktiboa sendotzeko, langabezia murriztuko duen jarduera ekonomikoa sortzeko eta okerren pasatzen ari direnei laguntzeko».