NAIZ
IRUÑEA

Ilustrazio Laborategia Huarte Arte Zentroan, Miren Asiainen eskutik

‘Leku bat, istorio asko’ tailerra eskainiko du Miren Asiain ilustratzaile sarituak datorren abuztuaren 11n Huarte Arte Garaikidearen Zentroan. Irudiak sortzeko, pinturarekin eta collagearekin jolastea proposatuko du egileak. Ilustrazioan interesa duten pertsonentzat ez ezik, goiza «libre marrazten» pasa nahi dutenentzat.

Miren Asiain ilustratzailearen lanek errekonozimendu ugari jaso dituzte etxean zein nazioartean. (Idoia ZABALETA I FOKU)
Miren Asiain ilustratzailearen lanek errekonozimendu ugari jaso dituzte etxean zein nazioartean. (Idoia ZABALETA I FOKU)

‘Leku bat, istorio asko’ Ilustrazio Laborategia Huarte Arte Garaikide Zentroan hiru hilean behin egiten den tailerra da, autoedizioari lotutakoa, eta ohitura den bezala, edizio bakoitzean artista bat gonbidatzen da tailer bat ematera edizioarekin lotutako teknika edo kontzeptu baten gainean. Parte-hartzaileek paperarekin esperimentuak egiteko, jolasteko eta sortzeko eta estanpatzeko, ebaki eta itsasteko, marrazteko… aukera dute.

«Zenbat gauza gertatzen dira leku berean? Eta ezer gertatzen ez bada, zer? Eszenatoki bat. Pertsonaia asko, gutxi, bat ere ez. Denbora, gauzak inoiz berdinak ez izatea eragiten duen baldintzatzaile hori. Etengabe aldatzen ari gara, nahiz eta batzuetan ez iruditu…». Horrekin guztiarekin jolastuko dira ‘Leku bat, istorio asko’ tailerrean pinturaz eta collageaz baliatuz.

Datorren hitzordua abuztuaren 11n izango da, eta Miren Asiain (Iruñea, 1988) ilustratzaile saritua izango da gonbidatua. Arte Ederretan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Buenos Airesko Museo Sozial Argentinarreko Unibertsitatean egin zuen bere azken urtea. Hainbat erakusketatan hartu du parte: Italian, Estatu espainiarrean, bizileku izan zuen Argentinan, Mexikon, Txinan, Japonian eta New Yorken. Hainbat musika, antzerki eta jaialditarako egindako kartelak nabarmendu dira eta Amnistia Internationalerako ere irudia egin du.

2012an Album Ilustratuko Etxepare Saria irabazi zuen, berak idatzitako eta ilustratutako ‘Hara!’ liburuarekin. 2013an Euskadi Literatura sarietan finalista izan zen eta bi urte geroago, 2015ean, ‘Iberoamerika Ilustra’ ilustrazio katalogo Iberoamerikarra saria jaso zuen, SM Fundazioak, El Ilustradero eta Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokak (Mexiko) emana.

2017, 2018 eta 2019an Boloniako Haur eta Gazte Liburuen Azokan bere lanak erakusteko aukeratua izan zen iruindarra. Era berean, Portugaleko Castelo Brancoko Ilustrarte Ilustrazio Nazioarteko Bienalerako (2018) ere aukeratu zuten eta bere lana ‘Sociedad de Ilustradores de Nueva York’ (SOI) elkartearen ‘Illustrator ‘s 61’ erakusketan hautatu zuten, iaz.

Larunbat goiz batean, gozatuz, marrazkiaren ideiari balioa emanez eta edertasunaren kontzeptua ahaztuz parte hartzera gonbita luzatu dute Huarte Arte Zentrotik. Ilustrazio Laborategia aipatu egunean izango da, 11.15etik 14.15era, eta aldez aurretik izena eman behar da, 5 euroko kostuarekin. Ilustrazioan eta autoedizioan interesa duten pertsonei zein goiza marrazten pasatu nahi dutenei zuzenduta dago.