ANDRES OSA «SAKONA»

Jokin Eizmendik irabazi zuen Igeldoko Harria 14 jasoaldirekin

Larunbatean jokatu zen Donostiako Trinitate plazan Igeldoko Harria sari nagusia. 134 kiloko harri baldarra bost minututan 14 aldiz leporatu zuen Eizmendik, iaz baino bat gutxiago.

Harrijasotzaileak, amaierako ekitaldian (NAIZ)
Harrijasotzaileak, amaierako ekitaldian (NAIZ)

Larunbatean jokatu zen Donostiako Trinitate plazan Igeldoko Harria sari nagusia. 134 kiloko harri baldarra bost minututan 14 aldiz leporatu zuen Jokin Eizmendik, garaipena eskuratzeko. Hori bai, iaz baino jasoaldi bat gutxiago eman zion.

Guztira hamar indartsuk hartu zuten parte, eta badirudi aipatu harria astunagoa dela urte bat pasa ondoren. Izan ere, partaide guztiak harri horrekin eginak zituzten marken azpitik gelditu ziren. Ikusle gutxi Trinitate plazan gainera, koronabirusaren eragina nabaria izan zen zoritxarrez.

Bigarren Gorka Etxeberria sailkatu zen 12 jasoaldirekin, eta hirugarren Mikel Lopetegi “Urra” 11 jasoaldirekin –berdinketan, ohi denez, pisu arinenaren alde egin zen–. Laugarren Illarramendi izan zen eta bosgarren Xabier Peñagarikano, bi hauek ere 11 jasoaldirekin.

Seigarren Beñat Telleria izan zen (10); Aimar Galarragak ere 10 jasoaldi; Alex Merlo Belgikatik etorri zen eta 8 jasoaldi egin zituen; azken aurreko postua Jagoba Otaegirentzat (4); eta hamargarren Jon Unanue “Goenatxo III.a” 2 jasoaldirekin.

Sokatira

Larunbatean eman zitzaion hasiera Euskal Herriko Lur Gaineko sokatira txapelketari. 680 kilotan izan zen lehen ekitaldia Getxon eta txapelduna Erandioko Goiherri izan zen. Bigarren Mutriku, ondoren Akelarre Erandiokoa, eta laugarren Getxo. Gaztedik parte hartzerik ez zuen izan, taldekide batek koronabirusaren proban positiboa eman zuelako. Txapelketa osoa Getxon jokatuko da eta pisu bakoitza egun bakar batean egingo da. Abuztuan 15ean 640 kilotako proba jokatuko da 11.00etan hasita.