Arrueren obra bat 190.000 eurotan saldu zen larunbatean

Ramiro Arrue margolari bilbotarrak 1934ean egin zuen ‘Fête au Pays Basque avec danseur au gilet rouge’ 190.000 eurotan saldu zen larunbatean Donibane Lohizunen. Obra ‘ezezaguna’ gehienez balioztatua zegoena baino 40.000 euro garestiago saldu zen enkantean.

Idoia ERASO|2020/08/10
Arrue_salduta
‘Fête au Pays Basque avec danseur au gilet rouge’ larunbaten saldu zen Donibane Lohizunen. (CÔTE BASQUE ENCHÈRES)

Euskal artistaren obrak balioa hartu du, azken hamarkadan bereziki. Larunbatean, Donibane Lohizuneko Côte Basque Enchèresek antolatu zuen enkatean, 190.000 eurotan saldu zen ‘Fête au Pays Basque avec danseur au gilet rouge’. Eta gastu guztiak gehituz, 230.850 eurotara heldu da erosleak ordaindu beharreko prezioa.

Enkantea 80.000 eurotan abiatu zen, bertan zeuden eta telefonoz ari ziren pertsonen artean izan zen lehia, saltokian zegoen pertsona batek prezio altuena eskaini zuen arte.

100.000 eta 150.000 euro artean balioztatua zegoen olio-pintura Arruek bere ibilbideko momentu garaienean margotu zuen, 1934ean, Estatu frantsesean eta nazioartean eskaerak jasotzen zituen momentuan.

Bere obra batek izandako prezioaren errekorra, aldiz, ez du gainditu. 2017an ‘La mère’ 200.000 eurotan saldu zuen Donibane Lohizuneko enkante etxe berak. Garestien saldu den bere hirugarren obra, ’Joueurs de Chistera’ izan zen 2011an, 146.000 eurotan.

‘Fête au Pays Basque avec danseur au gilet rouge’

Obra handia da saldu berri dena, 90 x 301 zentimetro neurtzen ditu. Horretaz gain, koadro ‘ezezaguna’ eta ‘berezia’ izateak prezio honetara heltzen lagundu zuen beharbada. Izan ere, hamarkadetan Donibane Lohizuneko Maitena trinketean egoniko obra, orain arte artistari buruz egindako erreferentziazko liburuetan eta erakusketetan ikusi gabekoa zen.

Aldi berean garrantzi berezia izan zuen olio-margo honek Arrueren bizitzan. 1971an hil baino lehenagoko azken urteetan, txiro eta bakarrik, margo horren aitzinean jaten zuen Donibane Lohizuneko Herriko Etxeak ematen zizkion janari bonoekin.

Garaian Andia izena zeraman trinketearen inauguraziorako egin zuen Arruek 1934ean, eta 1985ean pilotalekuko jabeak aldatu arte egon zen obra bertako jatetxean. Lehengo jabeen familiaren eskuetan egon da orain arte.