NAIZ

Finantza eta Justizia ministroekin, lau dira leherketaren ondotik Libanon dimisioa eman dutenak

Marie Claude Najem Libanoko Justizia ministroak dimisioa aurkeztu du astelehen goizean, eta, ordu batzuk geroago, gauza bera egin du Ghazi Waznik, Finantza ministroak. Beiruteko portuan izan zen eztandaren ondotik lau dira, beraz, karguari uko egin dioten ministroak eta, hainbat iturriren arabera, Gobernu osoaren dimisioa iragartzear da Hassan Diab lehen ministroa. 

Hasan Diaben Kabineteko hiru kidek uko egin diote guztira, Beiruten aurreko asteartean izandako leherketaz eta herrialdeko buruzagien aurkako protestez geroztik. (Joseph EID/AFP)
Hasan Diaben Kabineteko hiru kidek uko egin diote guztira, Beiruten aurreko asteartean izandako leherketaz eta herrialdeko buruzagien aurkako protestez geroztik. (Joseph EID/AFP)

Justizia ministroak dimisio formala aurkeztu du, eta, bertan, «aberriak Beirut hiriburuaren bihotzean jasan zuen hondamendia eta libanoarren samina» argudiatu ditu, baita «kaleetako gatazkak» ere, tokiko hedabideek zabaldutako testuaren arabera.

«Krisi sakonak eta aberriak bizi duen salbuespenezko egoerak herriaren borondatera jotzea eskatzen dute, eta dagoeneko ekimen bat abiatua zegoen Parlamentua murrizteko eta hauteskundeak aurreratzeko lege-proiektu bat onartzeko», adierazi du ministroak.

Gaineratu duenez, espero zuen Exekutibo osoak modu «kolektiboan» uko egitea, eta ez banan-banan berak egin duen moduan.

Najemek jendearen haserrea jasan zuen leherketa gertatu eta bi egunera, eta toki publiko batetik txistu eta irainen artean atera behar izan zuen.

Ordu batzuk geroago, Ghazi Wazni Finantza ministroak ere uko egin dio karguari. 

Diaben Gobernuaren laugarren baja da Waznirena, duela astebete 158 hildako eta 6.000 zauritu inguru eragin zituen deflagrazioaz geroztik.

Gobernuko iturriak aipatuta hainbat agentzia eta hedabidek diotenez, eta Osasun ministro Hamad Hasanek ere esan duenez, Gobernu osoaren dimisioa iragartzear da Hassan Diab lehen ministroa. Arratsaldeko 19.30ean libanoarrei zuzendutako diskurtso bat eskainiko duela aipatzen dute.

Dimisioak azken egunetan

Igande honetan Manal Abdel Samad Informazio ministroak eta Damianos Kattar Ingurumen ministroak uko egin zioten. Lau dimisio horiei bosgarren bat gehitu behar zaie; izan ere, leherketaren bezperan, Nassif Hitti Kanpo Arazoetako ministro ohiak dimisioa aurkeztu zuen Gobernuaren jokabidearekin desadostasunak dituelako eta  herrialdea «huts egindako estatu» baterantz doalako.

Ekainaren amaieran, Alain Befani Finantza Ministerioko zuzendari nagusiak eta Nazioarteko Diru Funtsarekin negoziatzen ari zen taldeko kideak ere dimisioa eman zuen, eta kolpe gogorra izan zen Diaben Gobernuarentzat.

Krisi ekonomiko larrian dagoen herrialde batean, joan den asteko eztandak manifestazioak eragin ditu azken bi egunetan, eta larunbatean gutxienez polizia bat hil zen eta ehunka zauritu izan ziren.

Dolarra kontrolatzeko saiakera

Krisi politikoari ekonomikoa gehitu behar zaio, izan ere, Libanoko Gobernuak ohartarazi du astelehen honetan ez duela dolarraren truke tasa aldatuko.

Segurtasun Publikoko Direktorio Nagusiak «herritarrak eta erakundeak» deitu ditu dolar estatubatuarraren truke motaren edozein manipulazioren berri ematera, dibisen espekulazio operazioen jarraipena egiteko.

Dolarrak 1507 liberako kanbio-tasa konstantea du, eta gaur egun merkatu beltzean edo paraleloan 7.400 liberatan ordaintzen da, nahiz eta azken egunetan 8.300 liberara iritsi den.

Liberak %80 baino gehiago galdu du dolarraren aurrean, Gobernuak leherketaren aurretik uste zuen inflazio handiko egoera baten erdian, eta bankuetan likidezia falta da, herrialdeak bizi duen krisia dela eta.

Libano munduko herrialde zorpetuenetako bat da eta 90.000 milioi dolarreko zor publikoa du, bere BPGaren %170.