NAIZ

Euskal Herriaren batasuna gorpuztu zuen ‘Gernikako Arbola’ ereserki gisa berreskuratzeko deia

Euskal Herriko musikari, kantari, Orkestra-Abesbatz eta Bandetako zuzendari andanek, Jose Maria Iparragirre jaio zeneko berrehungarren urteurrenean, ‘Gernikako Arbola’ Euskal Herriko ereserki bezala berreskuratzeko manifestua aurkeztu dute asteazken honetan, Iruñeko Takonera Parkean.

Gernikako Arbola Euskal Herriko abesti ofiziala izan dadila eskatu dute hainbat musikari esanguratsuk Iruñean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Gernikako Arbola Euskal Herriko abesti ofiziala izan dadila eskatu dute hainbat musikari esanguratsuk Iruñean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

‘Gernikako Arbola’ Euskal Herriko ereserki ofiziala izan dadila eskatu dute hainbat musikari esanguratsuk. Manifestua asteazken honetan aurkeztu dute Iruñean, Takonera parkean, Julian Gayarreren estatuaren aldamenean, hain zuzen ere.

Euskal musikari esanguratsuenetako baten jaiotzaren 200. urteurrena betetzen da gaur, Jose Maria Iparragirrerena, alegia. Hala, data nabarmen hori aintzat hartuz, hainbat musikarik abesti nabarmen hori euskal lurraldeko himno ofiziala izateko eskatu dute.

Gontzal Mendibilek eta Fermin Balentziak irakurri duten manifestuan, euskal musikari, abeslari eta kantautoreak eta, finean euskal herritar guztiak, «sinboloek, tartean direla musika eta abestiak, garrantzi handia duela talde irudikerian» jabetzen direla azaldu dute.

Ildo horretan, herri orok berau identifikatzen duten hizkuntza, sinbolo eta ohiturak dituela gogoratu dute eta, ondorioz, baita «gure herriak ere, hiru unitate politiko-administratibotan banaturik bada ere».

Izan ere, gogora ekarri dute mendeetan zehar lortu dela «gure hizkuntzari, gure doinuen sorta, dantza, kirol eta beste hainbat ezaugarriri eustea», eta atxikimendu politikoa eta pentsaera edozein izanda ere, horiek «herri gisa identifikatzen gaituzte».

«Zorionez, lortu dugu administrazio zatikapen guztien gainetik elkartzen gaituen jaotrrizko izenari eustea: Euskal Herria euskaraz, antzinako Baskonia. Onartu dugu ere goiburu bat, Zazpiak Bat, Axularrek 1643an jada nabarmendua», azaldu dute.

«Eta ereserkia? Zein da Euskal Herriaren ereserkia?», galdetu diote beren buruari. Zentzu horretan, EAEko biztanleek berea 1983an aukeratu zutela gogoratu dute: Eusko Abendaren Ereserkia. Era berean, 1986tik, Foru Legearen bitartez, Nafarroako Foru Erkidegoak bere ereserkia duela gaineratu dute, Gorteen Ereserkia deitua.

Ipar Euskal Herriak, aldiz, ez du ereserki ofizialik, beraz, sinatzaileen esanetan, lurraldeon osotasunak «ez du batuko gaituen ereserkirik eta, hortaz, indibia sanoz ikusten ditugu ideologia guztietako gure auzoko frantsesak, galiziarrak edo katalanak elkarrekin Masellesa, Os Pinos edo Els Segadors kantatzen».

Ereserkirik gabe kantatzen duen herria

Euskal gizarte liturgietan euskarazko abesti batzuk etengabe erabili direla onartu dute, baina haietako batek ere ez du «pisu, historia eta hedadura nahikorik» herrialde osoa ordezkatzeko, sinatzaileen iritziz. «Baskoniak, kantatzen duen herriak, ez du kantatuko dion ereserkirik», gehitu dute Balentziak eta Mendibilek.

Aldiz, nahikoa da oroimenean pixka bat lardaskatu deskubitzeko euskaldunek ereserki «eder» bat dutela, 19853tik gaur arte «elkartu gaituena» eta, «ulertezina» bada ere, baztertu dena: Jose Maria Iparragirreren Gernikako Arbola.

Izan ere, lehen aldiz jo zenetik, Gernikako Arbola izan da, sinatzaileen iritziz, «euskal herritarren ereserkia», eta halaxe idatzi zen literaturan, kantutegietan eta partituretan. Gainera, izaera ofiziala izan zuela gogoratu dute baina, batez ere, «herriaren babesa».

Balentziak eta Mendibilek zortziko hori horren laster hedatzearen arrazoia inork ez duela esan dute; nola «bertso hunkigarri» batzuek harrotu zuten Euskal Herriaren sentimendu abertzalea, gogotsu kantatu batzituzten karlista eta liberalek, errepublikazale eta sozialistek, kontserbadore eta iraultzaileek, euskal nazionalista eta nabarristek, euskal abertzale eta espainolistek.

Ikertzaileen iritziz, herrialde «zaurituak» bere askatasunak galdu izanak eta euskal musika peto-petoa izateak eman zioten berehalako arrakasta era iraupena denboran, baina arrazoia da, sinatzaileen hitzetan, ereserkiak batez ere Foruak eta Baskoniaren, Euskal Herriaren batasuna gorpuztu zituela, «isolamendurako edozein tentaziotik urrun» zegoen batasuna, guztiz bateragarria «euskaltasunaren ideia unibertsal eta humanistekin».

Non kantantzen zen?

Ez dago ereserki politikorik hain oparo erregistratuta Euskal Herriko eskualde guztietan, Tuteratik hasi eta Baionaraino. Izan ere, Erriberako paloteado makil dantzetan eta Zuberoako pastoraletan kantatzen zen, erregeen harreratan eta sanferminetako zezenketetan, antzoki txikietan eta opera handietan.

Gainera, euskal musikari handi guztiek birsortu zuten, eta bertsioak sortu. Merezimendu osoko edozein ereserkik bezala, Gernikako Arbolak bere epika ere baduela gogoratu dute. «Sortu eta bi urtera bakarrik, Iparragirre atxilotu egin zuten, gure lurraldetik kanporatu zuten hura kantatzearren», azaldu dute.

Ereserkia, ordea, bertan gelditu zen: «Debekatzen tematzeak hedatu egin zuen, haize askatzaile bihurturik». Nafarroan, foruen aldeko aldarri bihurtu zen Gamazadan eta bere doinuek foruak berreskuratzearen aldeko mugimendua hauspotu zuten 1919an; ongi etorria eman zioten Errepunlikari; estatutuaren aldeko biltzarren lekuko izan ziren; eta lau probintzietako alkateak elkartu zituzten 1934ko mugimendu autonomistan.

«Are garrantzitsuago, 1936an, Gernika suntsitu zutenean, foruen herriaren sinbolismoa hartu zuen ereserkia demokraziaren, bakearen, herri erresistentziaren munduko ikur izatera pasa zen, totalitarismoaen aurrez aurre», gaineratu dute.

Bestalde, 1949an, Ipar Euskal Herrian III. Reicharen gaineko garaipena ospatu zutenean, Gernikako Arbola izan zen ereserki ofiziala Masellesarekin batera, gogoratu dute.

Euskal Herri osoari zabaldutako deia

Laburbilduz, euskal eta nazioarteko ereserki bat da Gernikako Arbola sinatzaileen iritziz, munduko sibolo, lurralde guztietan dokumentatua, denboran iraun duen historia eta epikaren jabe eta, gainera, oso askotariko ideologietako pertsonak hunkitzeko gai. «Ezin zaio biografia hoberik eskatu», azpimarratu dute.

Ondorioz, «historikoki elkartu gaituen» ereserki bat kantatzeko garaia heldu dela nabarmendu dute, artean «gure herrialdeko joera politiko guztiak ados jartzen baikatu gehienetan: Gernikako Arbolaren lehendabiziko bertso lerroak». «Deia zabaldu nahi diogu Euskal Herri osoari, kontatu eta zabal dezan», adierazi dute.

Manifestuaren sinatzaileak

Sinatzaile nafarren artean, Igor Ijurra (Iruñeko Orfeoiaren zuzendaria), Fermin Balentzia (musikaria), Koldo Pastor Arriazu (musikagilea), Teresa Zabalza (musika irakaslea), Enrike Zelaia (soinujolea), Endika Iriso (Rotten XIII), Fermin Iriarte (abesbatza zuzendaria), Isabel eta Silvia Zabalegui (Nafarroako joterak), Serafin Zubiri (musikaria), la Chula Potra (rap-kantaria), Arturo Goldarazena (musikaria), Joseba Tobes (Euskal Herriko Txistularien Elkartea), Iñigo Aguerri (Mielotxin), David Johnstone (Nafarroako Orkestra Sinfonikoko biolontxelo-jotzailea) eta Joseba Irazoki (musikaria) daude.

Baxenafarroa, Lapurdi eta Zuberoatik, Erramun Martikorena (kantaria), Jean Mixel Bedaxagar (kantaria), Eñaut Etxamendi (kantaria), Anje Duhalde (kantaria), Peio Ospital eta Pantxoa Carrere (Pantxo eta Peio), Pier Pol Berzaitz (musikaria eta abeslaria), Irkus, Iker, Ugutz eta Nahia Robles-Arangiz (abeslaria), Soroak, niko Etxart (kantautorea), Philippe Ezkurra (musikaria), Mixel Ducau (musikaria), Baigorriko gaiteroak, Jose Mari Ostolaza (Eltzegor), Philippe Ezkurra (musikaria), Joanes Borda (Guk) eta Eneko Labegeriek (musikaria) osatzen dute zerrenda.

Bizkaitik, Gontzal Mendibil (kantautorea), Eñaut Elorrieta (Ken Zazpi), Tontxu Ipiña (kantautorea), Paula Pérez Bueno (abesbatza eta orkestren zuzendaria), Joe Gonzalez (Doctor deseo), Ana Bejerano (Mocedades), Javier Ituarte (Portugaleteko bandaren zuzendaria), Mila Milikua (abesbatzaren zuzendaria), Joseba Gotzon (abeslaria), Amaia Uranga (musikaria),Ruper Lekue (konpositorea, orkestra zuzendaria), Xanti Salvador (La Trinchera Infinitako sonidista), Blas Fernández (musikaria), Xeberri (kantautorea), Urdaibai, Arrano eta Gure Arbola Zaharra abesbatzak, Julen Ezkurra (konpositorea), Jesus Mari Bilbao Jerri (musikaria) eta Mario Clavell (musikaria).

Gipuzkoatik, Nuria Loron La Furia (rap-abeslaria), Mikel Markez (kantaria), Txomin Artola (abeslaria), Jose Ignazio, Piter, Ansorena (Donostiako Udal Txistulari Bandako zuzendaria), Haritz Artola (Arabako unitatea), Amaia Zubiria (abeslaria), Juanjo Ocon (Euskal Gazte Orkestrako zuzendaria), Josean Larrañaga Urko (abeslaria), Gorka Hermosa (musikaria), Iñaki Dieguez (soinujolea), Jose Antonio Villar (abeslaria), Juan Luis Aranburu (Euskal Kantarien Elkartea), Ainara Ortega (abeslaria), Angel Unzu (gitarra-jolea), Xabier Saldias (Egan), Javier Alberdi (abeslaria, abesbatza zuzendaria), Jose Angel Irigarai (Ez dok Hamairu), Xabier Barriola (Mondragon Abesbatzaren zuzendaria) eta Alain Aierdi (Koruban abesbatzaren zuzendaria).

Arabatik, Josu Zabala (Hertzainak), Evaristo Paramos (La Polla Records), Jesus Maria Alegria Pinttu (Mugarik gabeko musikariak), Gorka Knör (kantautorea), Iñaki Urkizu Kerejeta (Bilboko Udal Banda zuzendariordea), Patxi Villamor (kantautorea), Joselu Anaiak (musikaria) eta Luis Orduña (Gasteizko Udal Banda zuzendaria).