Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreko urtean baino 456 milioi euro gutxiago bildu ditu

Gipuzkoako Aldundiak 2020ko lehenengo sei hilabeteetako zerga bilketaren datuak argitaratu ditu eta, guztira, 456 miloi euro baino bildu ditu, ia %20ko murrizketa 2019arekin alderatuta. Erakundeak aipatu duenez, beherakada zerga nagusietan islatzen da batez ere, osasun krisia arlo ekonomikoan izaten ari den inpaktua dela-eta. 

NAIZ|2020/08/12
Langileak_enpresan
Langile batzuk Gipuzkoako enpresa batean. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Zerga bilketa metatua %19,9 murriztu da Gipuzkoan uztailera arte, aurreko urteko denboraldi berdinarekin alderatuta, Foru erankundeak jakinarazi duenez. Guztira 1.831 milioi euro bildu dira eta, ondorioz, 2019an baino 456 milioi euro gutxiago batu dira.

Zehaztu duenez, alde batetik, sarreren arloan beherakada nabarmena izan da, %14,2 murriztu baitira; itzulketek, bere aldetik, %1,2 egin zuten gora.

Beherakada zerga nagusietan islatzen da batez ere, covid-19 gaitzak sortu duen mundu mailako pandemiak eragin duen osasun krisia arlo ekonomikoan izaten ari den inpaktua dela eta. Gainera, kontuan hartu behar da kanpaina hilabete bat luzatu dela PFEZaren eta Ondarearen gaineko Zergaren kasuan.

Zifrak xehatuz gero, eta Errentaren gaineko zergarekin hasiz, lan atxikipenen atalean 17,1 milioi gehiago jaso ditu Ogasunak (+%2). Hala ere, PFEZ bere osotasunean hartuta emaitza negatiboa da, pasa den urtean baino 141,7 milioi gutxiago batu baitira (-%17).

Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiak 6,8 milioi euro gutxiago jaso ditu: sarrera gordinak 4,3 milioi euro jaitsi dira, eta itzulketak 2,5 milioi eurotan murriztu dira.

Bestalde, Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %16,6 jaitsi da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 107,8 milioi euro gutxiago: 74,5 milioitan jaitsi dira sarrerak (-%9), itzulketak 13,3 milioi jaitsi dira (-%3,1) eta lurralde arteko doikuntzak 46,6 milioi eurotan murriztu dira (-%18,6).

Zerga berezietan, Hidrokarburoen gaineko Zerga 40 milioi eurotan jaitsi da (-%16,8). Azkenik, Estatuarekiko doiketei dagokionean, BEZari dagozkionak 46,5 milioi eurotan murriztu dira, eta zerga berezienak 27,8 milioi eurotan okertu.