Ramon SOLA

Mikel Zabalza: bi ekimen espainiar Gorteetan, egia behingoz azaleratzeko asmoz

Mikel Zabalza Endarlatsan hilik agertu zenetik 35 urte beteko dira hurrengo abenduan, eta gertatutakoaren egia ofizialki aitortu gabe segitzen dute oraindik. Espainiar Gorteetan abiatzear den ikasturtean bi ekimen aurkeztu dira, helburu hori lortzeko; EH Bildurena Kongresuan eta Geroa Bairena Senatuan.

Zabalza oroitzeko loreak, bizi zen auzoan, Altzan. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)
Zabalza oroitzeko loreak, bizi zen auzoan, Altzan. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

1985ko azaroan Intxaurrondoko Guardia Zibileko koartelean atxilotu eta 20 egun beranduago Bidasoako uretan hilik ageri zen Mikel Zabalza gaztearen kasua berpiztera datozen ekimenak bata bestearen atzean kateatzen ari dira. Guztien helburu bera, hauxe: torturaren ondorioz zendu zela behingoz ofizialki onartua izatea.

Arlo politikoan, espainiar Gorteetan bi dira abian diren ekimenak. EH Bilduren aldetik, uztailaren 29an errejistratu zuten berea Bel Pozueta eta Jon Iñarritu diputatuek Kongresuan. Mikel Zabalzari buruzko txosten eta agiri polizial guztiak eskatu dituzte, bai eta kasuarekin harremana izan dezaketen gainerako guztiak ere.

Asteartean Radio Euskadin eginiko saio berezia, bide hau auziari buruz argia emateko egokia izan daitekeela aipatu zuen Lourdes Zabalzak. Mikelen arrebetako bat da Lourdes.

Jakina denez, 1968. urteko lege frankista batek sekretupean mantentzen ditu txosten hauek eta gainerako guztiak, inolako epe mugarik gabe. Isiltasun hori behingoz buka dadin legea aldatzeko urratsak ematen ari dira. Izkututako agiri horien bidez egia hurbiltzeko aukera ikusten du gerra zikinak eragindako beste zenbait euskal biktimak ere.

Senatuan, bitartean, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroaren agerraldia eskatu du Geroa Bai-ko Koldo Martinezek. Honen jatorria zera da: aurretik auziaren gaineko galdera luzatu zion Guardia Zibilari, baina Bulego Teknikoko buruak gezurra erabiliz erantzun zuen.

Manuel Llamas generalak kasua oraindik auzitegietan irekia zela argudiatuz informaziorik ezin zuela eman adierazi zuen, baina ez da horrela: 2010. urtean itxi zuten azkenekoz, gertatutakoaz froga nahikorik ez zegoela aitzakia gisa hartuta.