NAIZ

Jean Pierre Abeberry hil da, zesta-puntaren sustatzaile handia

1974an Uruguayn jokatu ziren pilotako Munduko Txapelketetan urrezko domina irabazitakoa, Biarritz Athletic Clubean lan asko egin zuen eta ohikoa zen Urrezko Xistera txapelketan mikrofonoa hartu eta publikoari azalpenak ematen ere.

Abeberryren omenez argitaratutako argazkia (JAI ALAI NEWS)
Abeberryren omenez argitaratutako argazkia (JAI ALAI NEWS)

Jai Alai News atariak Jean Pierre Abeberryren heriotzaren berri eman du. «Biarritzeko familia ezagun horretako kide, pilotaren maitale handia eta zesta-puntaren eta xistera handiaren sustatzaile eta jakitun handi, minbiziak eraman du berekin», jakinarazi du.

1974an Uruguayn jokatu ziren pilotako Munduko Txapelketetan Irazokirekin batera urrezko domina irabazi zuen zesta-puntan Jean Pierre Abeberryk, eta xistera handian ere aritutakoa zen. Biarritz Athletic Clubean lan asko egin zuen eta ohikoa zen Urrezko Xistera txapelketan mikrofonoa hartu eta publikoari azalpenak ematen ere. Frantziako federazioan ere lan handia egin zuen txapelketak antolatzen.

Abeberry familia euskaltzale ezagunaren tradizioa fin-fin jarraitu zuen Jean Pierrek. Osaba Maurice, Jakes eta Jean Claude "Koko" izan dira agian ezagunenak: politika arloan, abokatu lanetan, "Enbata"-ren sortzaile eta zuzendaritzan, kultur munduan... Bigarren anaia zaharrena, Pierre, dominiko edo domingotarra izan zen, eta zaharrena berriz Albert, Jean Pierren aita, etxeko negozioa, okindegia, hartu zuena, eta baita beste anaiekin batera Biarritz Athletic Club-aren sortzaile ere. Zestarekin lotuago egon direnak Peio semea (Orlandon eta Euskal Herriko frontoietan jokatutakoa), eta Sassoune anaia (Estatu Batuetan eta Euskal Herrian luzaroan jokatutakoa) izan dira.