NAIZ

Jai herrikoiak babestera deitu dute Bilboko Konpartsek Aste Nahasia bertan behera utzi ondoren

Joan den astelehenean «Aste Nahasia» bertan behera uzteko erabakia hartu ondoren, Bilboko Konpartsek «jai herrikoiak, parte-hartzaileak, feministak, euskaldunak eta ekologistak» defendatzera deitu dute ostiral honetako goizean emandako prentsaurrrekoan. Agerraldian Aste Nahasian egin behar ziren 51 ekimen ere aurkeztu dituzte konpartsek.

Bilboko Konpartsek emandako prentsaurrekoa. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Bilboko Konpartsek emandako prentsaurrekoa. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Aste Nahasia bertan behera utzita, Bilboko Konpartsek balorazioa egin dute ostiral goizean, Bilboko Arriaga plazan. Bertan, konpartsakideek erakutsi dituzte jai eta kultur kutsua zuten 51 ekimenetan erabili behar zituzten hainbat material. Adierazi dutenez, covid-19ko gaitza Euskal Herrian hedatu zenetik erabakiak hartu dituzte honako gakoei eutsiz: «Erantzukizuna, elkartasuna, elkarlana eta alaitasuna».

Azkenean, baina, tristura eragin die ez Aste Nagusiak ezta Aste Nagusiak ere antolatu gabe utzi beharrak: «Alde batetik, ehunka konpartsakide joan den irailetik lanean ibili direlako horietan eta, beste aldetik, bilbotarrek merezi zutelako, ez bazen bata, gutxienez bestea gozatzea».

Bilboko Udalari ere hitz batzuk helarazi dizkiote: «Zoritxarrez, elkarlana baino gehiago askotan inposizioa erabili du Bilboko Udalak jaien inguruan». «Atzo bertan, kale-antzerkia egin zuen Arriaga laza honetan Bilbao Udak, Bilboko Udalaren udako programaren bereziak». Konpartsakideek ez dute ulertzen zergatik ezin den hiruko txapelketa edo xake partidak ospatu, Aste Nahasiaren programazioaren barruan, baina Bilboko Udalaren Bilbao Uda programa aurrera doan.

Txantxa artean erakutsi dituzte Aste Nahasirako prest zituzten materialak, tartean saskibaloiko pilotak –hirukoen lehiaketa jokatzeko– edo xake-taula, «mundu guztiak daki jende-pilaketak eragiten dituen kirola dela!».

Joan den astelehenean Bilboko Konpartsek aho batez erabaki zuten Aste Nahasia ez egitea, datorren abuztuaren 22tik aurrera plangintzatuta zeukatena.

Etorkizunari begira

Etorkizunari dagokionez, uste dute «gutxienez Santo Tomas eta Aratusteak ez direla erronka errazak izango, covid-19ak bertan segituko duelako, ezusteko zoriontsuren ezean».

Bestalde, jai herrikoiak, parte-hartzaileak, feministak, euskaldunak eta ekologistak babestera deitu dute.

Hala, Euskal Herri mailan lan egiteko prest agertu dira, «ba eita Bilboko kaleetan ere». Herritarrak deitu dituzte konpartsetan sartzera edo gustukorik aurkitu ezean berriren bat sortzera, «jai herrikoiak, parte-hartzaileak, feministak, euskaldunak eta ekologistak babesteko, auzoetako jai-batzordeak eta Bilboko Konpartsak indartsuak izatea komeni» delako. Aste Nagusiaren eta Marijaiaren aldeko oihuek eman diote amaiera ekitaldiari.