NAIZ

Musukoa ez erabiltzeagatik egunean 56 isun jarri dituzte EAEn; bi hilabetetan, 3.030

Euskal Autonomia Erkidegoan azken bi hilabeteotan 3.030 isun jarri dituzte Ertzaintzak eta udaltzaingoek musukoa ez erabiltzeagatik. Batez bestekoa eginda, egunean 50 isun baino gehiago ezarri dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Nafarroak ez du daturik jakinarazi.

Bilbon, Areatza pasealekuan, jendea musukoarekin. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Bilbon, Areatza pasealekuan, jendea musukoarekin. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Lakuako Gobernuak azken bi hilabetetako balantzea egin du musukoen erabilera eta derrigortasun hau urratzeagatik egon diren isunen inguruan. Hala, ondorioztatu du, azken bi hilabeteetan (ekainaren 19tik abuztuaren 11raino), Ertzaintzak eta udaltzaingoek guztira 3.030 isun jarri dituztela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Hasiera batean, ekainaren 18an, musukoen derrigortasuna segurtasun distantzia gordetzen ez zen leku eta uneetarako ezarri zen; ondoren, hausteskundeak izan eta egun batzuetara (uztailaren 16ean), ezarri zuen Osasun Sailak edozein lekutan eta edozein egoeratan jantzita edukitzeko dekretua.

Zehazki, musukoa ez erabiltzeagatik, Ertzaintzak 1.521 pertsonari jarri dizkie isunak eta udaltzaingoek, berriz, 1.509 herritarrei. Hau da, guztira 3.030 isun 54 egunean; beraz, batez beste, egun bakoitzean 56 isun inguru ezartzen dituzte.

Lurraldeka, nahiko orekatua

Lurraldeka banatuz gero, Bizkaia izan da isun gehien ezarri diren herrialdea (1.748) baina, nolanahi ere, nahiko orekatuta egon dira ohartarazpenak. Gipuzkoan, 1.203 jarri dituzte eta Araban, 1.088.

Isun horietako gehienak maskara ez janzteagatik jarri dituzte (2.686), beste batzuk behar bezala ez erabiltzeagatik (47) eta bakar batzuk "in vigilando" lanak ez betetzeagatik (13).

Gainerako 344 isunak garraio publikoan maskara ez janzteagatik jarri dituzte.

Gainera, bi hilabete hauetan beste 1.009 isun jarri dituzte Osasun Sailaren aginduan jasotako beste neurri batzuk ez betetzeagatik. Pertsonen artean 1,5 metroko tartea gordetzea eta ostalaritzako establezimenduetan aforoak errespetatzea (720), kasu; edota establezimenduetatik kanpo, leku publikoetan, edariak kontsumitzeagatik (228).

Nafarroako Gobernuak ez du zehaztu musukoa ez erabiltzeagatik edo gaizki erabiltzeagatik poliziek jarritako isun kopurua.