NAIZ

Orreagako 778ko gudua oroituko dute larunbatean, pandemiagatik ekimenak murriztuta

Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta, Orreaga Fundazioak jakinarazi du modu murriztuago baten oroituko dutela larunbat honetan 778. urteko gudua. Pasai Donibanen ere egingo dituzte ekitaldi batzuk, Orreaga Taldearen ekimenez.

Orreagako guduaren oroimenez 2018an Iruñeko harresian eginiko ekitaldiko irudia. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Orreagako guduaren oroimenez 2018an Iruñeko harresian eginiko ekitaldiko irudia. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Urtero bezala, abuztuaren 15ean Orreagako 778ko gudua oroitzen dute Orreagan, Iruñean eta Pasai Donibanen. Aurten, koronabirusaren pandemiak eragindako egoeragatik, ekimen murritzagoak egingo dituztela jakinarazi du Orreaga Fundazioak.

Nolanahi ere, «ezin izan genituen pasatzen utzi Karlomagnoren armada boteretsua garaitzen ari ziren nafar ausartek burutu zituzten gertaera historiko garrantzitsuak gogoratu eta oroitu gabe», nabarmendu dute. 

Zazpi mendez iraun zuen Iruñeko Erresumaren, eta ondoren Nafarroko Erresumaren, jomuga izan zen gudu hura gogoratuko dute Orreagako Ibañeta mendian. Bertan aurkitzen da 1967tik Errolanen omenezko monumentua baina Fundazioak gogoratzen duen legez, ez dago Karlomagnoren iloba hura garaitu zuten baskoien arrastorik ere.

«Inbasorearen aldeko monumentu hau eraldatzera» igotzen dira urtero, «baskoion aldeko monumentu bihurtzeko. Monumenturik behar izatekotan, gure lurra defendatu zutenek merezi dutelako, eta ez Errolanek».

Hala, Orreaga Fundazioak bi ekimen antolatu ditu larunbat honetarako. Eguerdiko 12.00etan aurreskua eta lore-eskaintza egingo da Orreagan eta hogei minutu beranduago, Ibañeta mendira igotzeko osteratxoa abiatuko dute.

Pasa den asteazkenean, Nafarroako hiriburuan egin ziren ekimenak. Iruñeko harresiaren suntsiketa oroitu zuten Erredingo gotorlekuan.

Askatasunaren Eguna, Pasai Donibanen

Pasai Donibanen, bestalde, «Herria batu, Nafar Estatua indartu, euskaldunon lurraldea askatu» lelopean gogoratuko dute «Askatasunaren Eguna». 12.00etan egingo dute ekitaldi politikoa.

«778. urteko egun handi hartan, gure arbasoek herri librea izateko hautua egin zuten, garaipen militar garrantzitsua erdietsi zuten Orreagan», gogoratu du Orreaga Taldeak urtemugaren bezperan.

«Herria batu», «gure Estatua indartu» eta «gure lurraldea defendatzeko» deia egin die herritarrei.