Asier AIESTARAN

Traineru denboraldia zati beroenean sartuko da asteburu honetan Zarautzen

Oriok Euskotren Ligako titulua ospatuko du Zarauzko uretan, eta pil-pilean dauden beste lehia guztiak argitu egingo dira –Euskotren Ligako azken postuan nork amaitzen duen, esaterako– edo argitzeko bidean ipini. Hori dena, tradizionalki Kontxako atzera kontaketa hasi izan den estropada eremuan.

Hondarribia, iaz Zarautzen (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Hondarribia, iaz Zarautzen (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Asteburu honetan traineru denboraldiko hitzordu garrantzitsuenetako bat iritsiko da: Zarauzko Ikurrina. Tradizio handia duen bandera hau –43. ekitaldia gizonezkoetan eta 12.a emakumezkoetan– bi jardunalditara jokatuko da ohi bezala, eta oso erakargarria izango da.

Alde batetik, Oriok Euskotren Ligan ziurtatua duen titulua ospatuko du, eta bestetik pil-pilean dauden beste lehia guztiak argitu egingo dira –Euskotren Ligako azken postuan nork amaitzen duen, esaterako– edo argitzeko bidean ipini, Eusko Label Ligako goiko nahiz beheko postuetako lehia kasu.

Emakumezkoen borrokan, Hondarribiak oso zaila du azken postutik irtetzea, Arraun Lagunak hiru puntura daukalako, baina azken saiakera egin nahiko du. Gizonezkoenean gora begira jarrita Bermeo da lider 97 punturekin, Oriok 93 ditu eta Santurtzi nahiz Donostiarrak 92. Beheko aldean, Kaikuk ia ezinezkoa du azken postutik ihes egitea –11 puntura dago– eta azken aurreko postua ekiditeko sekulako borroka dago: Aresek 36 puntu ditu, Zarautzek 38 eta Ondarroak 39.

Larunbateko estropada 17.40an hasiko da emakumezkoen probarekin eta ondoren gizonezkoen txandak sailkapenaren arabera antolatuko dira: aurrenekoan Kaiku, Ares, Zarautz eta Ondarroa irtengo dira; bigarrenean Lekittarra, Cabo, Zierbena eta Hondarribia; eta ohorezko txandan Bermeo, Orio, Santurtzi eta Donostiarra. Igandeko lehia 11.40an hasiko da eta gizonezkoen txandak bezperako emaitzen arabera antolatuko dituzte.

Aurrikuspenek olatu apur bat markatzen dute, estropada polita ikusteko adina bai, baina kontuz ibili beharko da haizearekin, aldaketa dezenteak eta ufada indartsu samarrak izan daitezkeelako estropada orduetan. Larunbatean marea jaisten ariko da, eta igandean igotzen.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Zarautz eta Getaria arteko bidea itxita egongo da estropada orduetan –17.00etatik 20.00etara eta 10.30etatik 14.00etara–, eta Getariako portuan ere ezingo da traineruak uretaratzen diren puntura hurbildu.

Beste Ligak

Beste mailetako estropadak ere izango dira asteburu honetan. KAE-1, KAE-2 eta ETE Ligetako estropada bana izango da larunbatean nahiz igandean. Pedreña lider sendoa den KAE-1 Ligako probak 12.00etan izango dira, eta beste mailetakoak 18.00etatik aurrera hasiko dira.