NAIZ

Bera Berak «normaltasun zaharreko» erritmoarekin jarraitzen du (42-18)

Bera Berarentzat ez dago «normaltasun berririk». Bere bigarren lagunartekoan 42-18 garaitu du gorengo mailara igo berri den Pereda. Behin abiaduraz jokatzea lortu dutela, kantabriarrek ezin izan dute gelditu talde donostiarra. Cardoso, Maitane Etxeberria eta Gil izan dira goleatzaile nagusiak, bakoitza 7 golekin.

Maitane Etxeberria neurketako goleatzaile nagusienetariko bat izan da 7 golekin, Cardoso eta Gilekin batera. (Juan Antonio GARAIKOETXEA / BERA BERA)
Maitane Etxeberria neurketako goleatzaile nagusienetariko bat izan da 7 golekin, Cardoso eta Gilekin batera. (Juan Antonio GARAIKOETXEA / BERA BERA)

Bera Berak erraz garaitu du Pereda taldea bere bigarren lagunartekoan.Bidebietan jokatu du neurketa, zalegoarentzako ateak itxita baina kazetariek norgehiagoka bertatik bertara ikustea ahalbidetzeko esfortzua eginez, protokolo guztiak zorrotz betez.

Zuazoren aurka gertatu bezala, taldearen bizkarrezurra baino gehiago mantentzea asko nabaritu da larunbat honetan Bidebietan jokaturiko neurketan. Konexioak bere horretan jarraitzen du eta gainera, Alice Silvaren egokitzapen bikaina gehigarri bat da Imanol Alvarezek gidatutako taldearentzat.

Kontraerasoen bitartez, abiadura baliatuta irabazi du talde donostiarrak. Atsedenaldiko 20-10 markagailua ere askoz gehiago handitu du bigarren zatian, aldea 24 golekoa izan arte, talde orekatua baitauka Bera Berak.

Hamabost minutuko tartearekin talde osoa aldatzen joan da entrenatzaile ermuarra eta erritmoak ez du gehiegi nabaritu. Silvaren gelditu bakoitza −Renata Arrudak ez du jokatu badaezpada ere− kontraerasoaren seinale zen (sei-zazpi goleko pase eman ditu eta 15 gelditu egin ditu) eta gutxitan huts egin dute donostiarrek. Esaterako, lehen hamabost minutuetan Fernandes bi aldiz soilik sartu da jokoan, bere zeregina geldikako erasoan baitzegoen.

Cardosok lehen sei minututan bost gol egin ditu (7 golekin bukatu neurketa), Maitane Etxeberria eta Sara Gilek ere zazpina gol sartu dituzte. Guztiak dira hegaleko jokalariak, Bera Berak nortasuna galdu ez duen seinale. 

Pereda gaindituta sentitu da hasieratik, Bera Berak hasieratik ikusi baitu atea. Menendezek bere lehen minutuak jokatu ditu −Zuazoren aurka aulkian egon zen− eta bi gol egin ditu.

Ainhoa Etxeberriaren eta Laura Hernandezen golek gainditu dute 40 goleko langa, Ohorezko Mailara igo berri den taldeari Bera Beraren martxa nekaezina nolakoa den erakutsiz.

Fitxa teknikoa:

Bera Bera (20+22): Silva, Cardoso (7), Menendez (1), Teres (1), Arrojeria (3), Pizzo, Moreno (1) –hasierako zazpikoa–; Etxeberria (7), Cavo (2), Hernandez (3, 1p), Gil (7), A. Etxeberria (1), Boada (4), Fernandes (4), A. Etxeberria (1).

BM Pereda (10+8): Ceballos, De Sousa (2, 1p), Rodriguez (6), Minguez, De Almeida (5), Brull, Morales (2, 1p) –hasierako zazpikoa–; Pellon, Blanco, Hiraldo, Saez (1), Gonzalez (1), Carcamo, Fernandez (1) y Sainz (p.s.)

Epaileak: Maialen Calderón eta Beñat Arizmendiarrieta (euskaldunak). Bera Beraren aldetik, Moreno bi minutuz kaleratu dute eta Peredako Rodriguez eta Saez.

Partzialak (10 minutuko): 9-4, 13-6, 20-10 –atsedenaldia- 28-13, 34-15, 42-18.