NAIZ

Holtzarteko zubia hetsi dute gehiegizko bisiten ondorioz

Larraineko auzapezak Holtzarteko zubia hestea deliberatu du, segurtasun arazoak egon daitezkeelako. Uda honetan ohi baino bisitari gehiago jaso ditu zubi zintzilikatuak; batetik, covid-19a dela eta jende gehiago ibili delako kostaldetik urrun eta bestetik, uztailaren 31ean Kakuetako arroila hetsi zutelako, luizi baten ondorioz emakume bat hil eta gero.

Larraineko herrian dagoen Holtzarteko zubia. (NAIZ)
Larraineko herrian dagoen Holtzarteko zubia. (NAIZ)

Jean-Dominique Iriart, Larraineko alkateak, Holtzarteko zubia ixtea erabaki du, eta udal ordenantza baten bitartez jakinarazi du horrela egonen dela «kontrolak, urgentziazko mantentze lanak eta egiaztapen lanak egin arte». Larunbatetik goiti hestea deliberatu zuen segurtasun neurriak ezin direla bermatu argudiatuta.

Holtzarte Larraineko udalaren baitan da eta bertako auzapezaren iritziz, «aurreko urteetan baino bisitari gehiago» izateak segurtasun arazoak ekarri ditu. Zubi zintzilikatuaren egonkortasunaz gain, osasun arriskua ere aipatu du hautetsiak, jende kopuru handiak osasun segurtasun neurriak bermatzea zaila egiten baitu.

Kakueta hetsia

Uztailaren 31an emakume bat hil egin zen Kakuetako arroilean luizi baten ondorioz. Geroztik, handik 20 kilometrotara dagoen Holtzarteko zubia Zuberoako inguru horretako toki turistiko nagusia bilakatu da.