NAIZ

Behartutako Desagertzeen Biktimen Eguna bere egin dezan eskatu diote Legebiltzarrari

Foro Sozial Iraunkorrak eskaera bat aurkeztu du Gasteizko Legebiltzarrean, Behartutako Desagertzeen Biktimen Nazioarteko Eguna bere egin dezan. Hurrengo igandean ospatuko da, abuztuak 30.

«Naparra» gogoan Lizartzan eginiko ekitaldietako bat. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)
«Naparra» gogoan Lizartzan eginiko ekitaldietako bat. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)

Behartutako Desagertzeen Biktimen Nazioarteko Eguna bere egin dezan eskatu dio Foro Sozial Iraunkorrak Gasteizko Legebiltzarrari.

Legebiltzarreko lehendakaria den Bakartxo Tejeriari zuzendutako testuan azaltzen denez, 2011. urteaz geroztik, abuztuaren 30a da Behartutako Desagertzeen Biktimen Nazioarteko Eguna, Nazio Batuen babespean. «Foro Sozial Iraunkorrak bere egin du data hori, eta duela hiru urtetik hona bere lan-agendan sartu du».

Foro Sozial Iraunkorraren ustez, «horrelako nazioarteko egunak ospatzeak aukera eman dezake herritarrak sentsibilizatzeko. Era berean, gaia agenda komunikatiboan sartzeak iritzi publikoaren artean oraindik konpondu gabeko kasuak daudela gogoratzen lagunduko luke».

Izan ere, «behartutako desagertzeak herritarren artean izua eragiteko estrategia bat da. Praktiko horren sortzen duen segurtasunik ezaren sentsazioa ez da desagertutako pertsonaren hurbileko senideengan mugatzek, baizik eta bere komunitateari eta gizarte osoari eragiten dio».

«Hala gertatu da 'Euskal gatazka' deitutakoaren kasuan ere. Edozein distantziakidetasunetik ihes eginez, hemen indarkeriaz baliatu diren agenteak pluralak izan dira, eta eragindako minak ere ugariak izan dira», gaineratu du.

EAEren kasuan, gaur egun «gutxienez» zazpi dira oraindik leku ezezagunean jarraitzen duten pertsonak. Jose Humberto Fouz Escobero, Jorge Juan Garcia Carneiro eta Fernando Quiroga Viega 1973an Biarritz eta Donibane Lohitzune artean desagertu ziren.

Eduardo Moreno Bergaretxe, 'Pertur', Behobian desagertu zen 1976ko uztailaren 23an; eta Tomas Hernandez, Hendaian desagertu zen 1979ko maiatzaren 15ean. Jose Miguel Etxeberria Alvarez, 'Naparra' 1980ko ekainaren 11n ikusi zuten azkenekoz; eta Jean Louis Larre 1983ko abuztuaren 7an desagertu zen Leonen, Landetan.

Egiarako eskubidea

«Behartutako desagertzeetan, egiarako eskubideak erabateko garrantzia hartzen du. Senidea edo laguna non dagoen ez jakiteak eta desagertzearen testuinguruak sortzen duten mina eta sufrimenduak izugarriak dira, eta sendatzen oso sailak. Hala jakinarazi digute, askotan, hainbat indarkerietako desagertuen biktima askok», ohartarazi du.