NAIZ

Lesio larria gaindituta, Maria O’Mullony Bera Berarekin jokatzeko prest dago berriro ere

Hernia diskaleko ebakuntza egin zuela 101 egun pasa direla, taldekideekin bat egin du Bera Berako jokalariak eta Imanol Alvarezen esanetara dago, kirol sendagiria jaso baitu gaur.

O'Mullony, pozik Bera Berako entrenamendu batean. (BERA BERA)
O'Mullony, pozik Bera Berako entrenamendu batean. (BERA BERA)

Ebakuntza egin eta bi hilabetera, uztailaren 31n, Maria Prieto O’Mullonyk sendagiria jaso zuen. Asteak ondo baino hobeto joan dira eta aste honetan hiru saio egingo ditu taldearekin, datorren asteko guztiak eta Donostian, irailaren 18an, Gascan Atletico Guardesen aurka, Teledeportek eskainiko duen partidarako prest egon daiteke.

Iragan denboraldian, abenduaren 21ean berragertu ondoren, lotailu gurutzatua behin konponduta, O’Mullonyk Ligako sei partida baino ez zituen jokatu bizkarren min itzela somatu zuen arte. Bera Berako jokalariak hurrengo hilabeteetan aurrera eraman zuen tratamendu kontserbadoreak ez zuen espero zen emaitza eman eta azkenean klubak eta jokalariak ebakuntzaren aldeko apustua egin zuten. Sei bat hilabete beharko lituzkeela osatzeko espero zuten. Gaur, berriz, kirol sendagiria jaso du ebakuntza egin zuela 101 egun pasa direnean.

Gauzak hala, Zamorako eskuin alboko jokalariak Super Amara Bera Berako entrenaldietan parte hartu badu ere, hemendik aurrera berme guztiak ditu.

O'Mullony iazko denboraldian iritsi zen Donostiara, Eli Cesareorekin batera Aula Valladolid taldea utzi eta Bera Beran jokatzeko erronkarekin. Aurrez Alicia Fernandez, Silvia Arderius edota Nekane Teres jokalariek egindako bideari jarraituz iritsi ziren Pucelatik Donostiara.