naiz

Mario Benedetti, kantu bat maitasunari, sinpletasunari eta konpromiso politikoari

Kritikaren zati batek bazterrean utzia izan bada ere, ukaezina da Mario Benedettiren obren indar literarioa. 80 liburutik gora argitaratu zituen, bere lanak 20 hizkuntzatara eraman dira eta gutxi izango dira bere poemaren bat ezagutzen ez dutenak, autorea nor den ez badakite ere. Astelehen honetan, 100 urte betetzen dira poeta uruguaitarraren jaiotzatik.

Benedettiren omenezko murala, Montevideon. (Eitan ABRAMOVICH | AFP)
Benedettiren omenezko murala, Montevideon. (Eitan ABRAMOVICH | AFP)

Ideologiak eta edertasun estetikoak eskutik helduta joan behar zutela aldarrikatu ohi zuen Mario Benedettik (Paso de los Toros, Tacuarembo, 1920 - Montevideo, 2009). Bere jaiotzatik ehun urte betetzen diren honetan, maitaleek elkarri xuxurlatu dizkioten ‘Táctica y estrategia’, ‘Hagamos un trato’ edota ‘Te quiero’ poemak datozkigu gogora eta poeta, narratzaile, antzerkigile, kritikari zein saiakera egile gisa izan zuen emariari errepasoa egiteko abagunea ere ematen digute. Fernando Butazzoni idazle eta kazetari uruguaitarrak esana duen gisara, «zalantzarik gabe, Uruguaik eta Latinoamerikak eman duten idazle unibertsalena» da Benedetti. «Letra latinoamerikarrek izan duten garapena ikertu eta ulertzeko unean autore saihestezina da, batez ere XX. mendeko bigarren erdiari dagokionean», gaineratu du.

Hogeita bost urte zituenean argitaratu zuen Mario Benedettik bere lehen obra, ‘La víspera indeleble’ (1945), ia oharkabean pasa zena. Idea Vilariño, Ida Vitale edo Emil Rodriguez Monegal gisako autoreekin erreferente gisara Juan Carlos Onetti zuen 45eko Belaunaldiaren partaide bilakatu zen horrela Benedetti, munduari irekitzeko lan egiteko prest zegoen belaunaldia. Hainbat agerkari literariori lotuta egon ziren, tartean ‘Número’, Bendettiren lehen poema eta antzerki-obrak jaso zituena, baina 50eko hamarkadaren erdialdean argitaratu zituen bere ibilbidean mugarri izango ziren lehen bi obrak: ‘Quién de nosotros’ (1953) eta ‘Poemas de la oficina’ (1956).

Uruguayko gizartearen ispilu

Hiru urte beranduago etorri zen ‘Montevideanos’, bere ipuin-bilduma ezagunenetakoa eta hiriko biztanleen egunerokotasuna islatzen duena. Izan ere, askoren iritziz, Benedetti izan da Uruguayko hiriburua hobekien deskribatu duen autoreetako bat. Saiakera –‘El país de la cola de paja’ (1960) edota ‘Literatura uruguaya siglo XX’ (1963)– eta poesiarekin jarraitu zuen eta 60ko hamarkadan argitaratu zituen bere bi eleberri ezagunenak, ‘La tregua’ (1960) y ‘Gracias por el fuego’ (1965), Benedetti nazioarteko erakusleihora eramango zuten lanak eta gerora zineman ere isla izango zutenak.

«Nolabait, berak literatura montevideotarra ‘asmatu’ egin zuela uste dut, eta ez ‘Montevideanos’ liburuagatik edota ‘Poemas de la oficina’ eta ‘La Tregua’ lanengatik bakarrik. ‘El país de la cola de paja’-n, esaterako, 60ko hamarkada hasieran idatzitako saiakerak daude, eta horietan kritikoa da irakurlegoarekin eta, horrela, eraiki eta hezi egiten du irakurlegoa», baieztatu du Gerardo Ciancio irakasle eta ikertzaile uruguaitarrak.

Benedettik, eta bere poemek, leku berezia bete zuten ezkerreko gerrillariei lotutako latinoamerikar kantagintza berrian ere. Viglietti bezalako musikariekin elkarlan estua izan zuen, lehenaren emazte izan zen Lourdes Villafañaren arabera, biek gizartearekiko ardura berezia baitzuten komunean. «Kubako iraultza maitatu zuten biek, asko markatu zituen; baita iraultza sandinistak, Mexikoko mugimendu zapatistak edota 60ko hamarkadatik Uruguayen izan zen borrokak ere», nabarmendu du.

Erbestea eta itzulera

Hain zuzen, Uruguayn bizi izan zen diktadurak (1973-1985) Argentina, Kuba eta Estatu espainolera erbesteratzera derrigortu zuten Benedetti. Esperientzia hark mina eta aktibismoarekiko nostalgia ekarriko zuen bere literaturgintzara, ‘La casa y el ladrillo’ (1977) edo ‘Primavera con una esquina rota’ eleberria –1982an argitaratua; euskaraz ‘Udaberri kantoi-hautsia’ izenpean argitaratu zuen 2018an Erein argitaletxeak, Aiora Jakaren itzulpenez– gisako perlak utziz.

Zinemarekiko interesa ere erakutsi zuen Benedettik. Kritika zinematografikoa idazteaz gainera bere obren zinemarako egokitzapenetan ere hartu zuen parte, baita hainbat jaialditan ere, Zinemaldia kasu –1986an Sail Ofizialeko epaimahaikide izan zen–, hartu zuen parte. Renan-en ‘La tregua’ da Benedettiren zinemarako egokitzapenen artean ezagunena –1975ean atzerriko filmerik onenari Oscar saria eskuratu zuen–, baina ez zen bakarra izan: bere lanak oinarri hartuta, Osias Wilenski-ren ‘Dale nomás’ (1974) edota Renan-en ‘Gracias por el fuego’ (1984) ere egin ziren.

90eko hamarkadan argitaratu zuen ‘La borra del café’ (1992), bere eleberri autobiografikoena; 72 urterekin kaleratu zuen obra honetan bere familiaren etengabeko leku aldaketak eta haurtzaroko oroitzapenak bildu zituen. Hamarkada berekoa da bere bigarren poema antologia, ‘Inventario Dos’ (1994), ‘Preguntas al azar’ eta ‘Despistes y franquezas’ olerkiak biltzen dituena. Eta esperimentazioarekin ere egin zuen froga, ‘Rincón de haikus’ (1999) eta ‘Nuevo rincón de haikus’ (2006) lanekin, Bendettiren umorea, sinpletasunarekiko maitasuna eta samurtasuna agerian uzten duten obrak. «Benedettiren ustezko baretasun estetiko horren atzean haustura estetikoen eta konbentzio literarioen iraultze bat dago, eta horrek autore interesgarria bilakatzen du. Benedetti egun jendeak uste duena baino askoz esperimentalagoa izan zen», argudiatu du Butazzonik. 

Poema bildumak ‘Inventario Tres’ (2003) lanarekin itxi zituen, nahiz gerora denboraren joana eta mina esperantzarekin uztartzen dituen ‘Adioses y bienvenidas’ (2005) edo bere emazte Luz Lopezen heriotzaren ostean idatzitako ‘Canciones del que no canta’ (2006) argitaratu zituen. Bizirik zela kaleratu zuen azken lana ‘Testigo de uno mismo’ (2008) izan zen, 2009ko maiatzean hil baitzen Benedetti.

Latinoamerikako autore unibertsalena

Benedettiren lanak 22 hizkuntzatara itzuli ziren, tartean georgiarra, farsia, txinera, serbiera edota euskara. Datu horrek agerian uzten du bere literaturaren unibertsaltasuna. «Batzuetan nire buruari galdetzen diot nola ote den posible XXI. mendeko hiritar alemaniar batek mende bat atzera eta gazteleraz idatzia dagoen autore uruguaitar baten liburua bat erostea eta, are, irakurtzen duen hori gustuko izatea», galdegin du Butazzonik, eta, kontrara, autore ezagun bilakatzeak «kritikako sektore bat bere obrarekiko mesfidati agertzea» ekarri zuela azaldu du.

Kritikaren erreakzio horren inguruan, Cianciok garrantzia kendu nahi izan die balorazio akademikoei. «‘Odisea’ edo ‘Iliada’ ez ziren idatzi mundu akademikoari begira, helburu estetiko bat zegoen horien atzean», argudiatu du. Kritikaren iritzia bat ala beste izan, agerikoa da Benedettiren sor-lanek bizirik dirautela eta, beste hausnarketa askoren artean, idatzia utzi zuen bezala, egun bizi dugun egoera makurrean ere «poztasuna eskubide bezala defendatu» behar dela dakarkigutela gogora.