EPPK-ren agiria, hitzez hitz: «Politika gizagabe hau behingoz albora dezatela eskatzen diegu»
Naiz|GARA
Igor_gonzalez_sola
Igor Gonzalez Solaren egoerari ezarritako bakartzeaz mintzo da EPPK agirian.

Euskal Preso Politikoon historia saminez urratu da sarritan. Eta beste behin ere samin horren adierarik mingotsenak kolpatu gaitu irail honen 4an, Martuteneko espetxean oraingoan.

Bere ibilbide militantearen sail luze bat gure kolektiboan egin zuen Igor Gonzalez Sola euskal preso politikoari bizia erauzi dio espetxeak. Euskal presook politikoki eta pertsonalki suntsitzeko espresuki prestatutako politikaren ondorio zuzena baita Igorren heriotza, eta espetxe politika horrek eragin dituen heriotzen zerrenda luzeegia are gehiago luzatzera dator bere izena.

Ongi ezagutzen zituen Igorrek sakabanaketa eta urrunketaren ondoriorik larrienak. Badajozeko espetxean zeukaten bitartean, 2017ko uztailean, moduluan berarekin zegoen Kepa del Hoyo kidearen heriotza bizi izan zuen... 20 euskal preso politiko hil dira espetxean, eta azken unera arte atxikita larriki gaixorik kaleratu ondoren beste 13 kide. Eta errepideetan 16 senide eta lagun hil dira...

Euskal preso politikoon aurkako espetxe baldintzen azken 35 urtetako ondorio gordinenen laburpena baizik ez da hori. Baina ondorioen artean ezin ditugu ahaztu gaixotasun fisiko eta psikologiko larriak. Ozen esan behar dugu, espetxeetako osasun baldintza kaxkarren aurrean, kideak direla ahal den guztietan kideen artatzaile eta behar beharrezko laguntza emaile. Baina laguntza hori ematea ere ezinezko bihurtzen du sakabanaketak, bakardadeak, eta salatu behar dugu ezarri zioten bakardadea ere izan dela Igorren hiltzaile. Oraindik ezartzen diguten salbuespenezko espetxe politikak eragotzi du Igor bizirik etxeratzea, eta eragozten digu guztioi geure euskal jendartera itzulera.

15 urteko espetxealdian hainbat kartzeletan eduki zuten preso, eta zigorraren hiru laurdenak ongi beteak zituen arren, gaixotasun larria zuen arren, aspaldian kalean egon behar zuen arren, espetxean atxiki nahi izan dute heriotzara arte, krudelkeria zitalena erabiliz.

Arduradun zehatzak eta ezagunak ditu gaur egun oraindik euskal preso politikooi ezartzen zaigun espetxe politikak. Espetxe politika gizagabe hau behingoz albora dezatela eskatzen diegu arduradun horiei, eta, behin gehiengoaren adostasunak lortuta, abia ditzatela preso guztiok kaleratzeko urratsak.

Baina espetxeetan badira gaurdanik konpondu beharreko aspektuak:

• Estatu espainiarreko espetxeetan gauden euskal preso politiko guztiok Hego Euskal Herriko espetxeetan batzea, neurri batean Estatu frantsesean egin duten moduan.

• Gaixotasun larriak dituztenak eta 65 urtetik gorako presoak berehala kaleratzeko neurriak hartzeko ahaleginak batzea.

• Estatu espainiarrean sistematikoki erregimen itxian sailkatzen gaituen politika alboratzeko neurriak hartzea eta tratamendu eta sailkapen arrunta ezartzea dagozkigun onurak eskuratu ahal izateko, espetxean hamarkadak daramatzatenentzat eta zigorraren 3/4ak beteak dituztenentzat bereziki.

Giza Eskubideen nazioarteko erakundeek, euskal eragile politiko, instituzional, sindikal eta sozialek ez dute ulertzen nola litekeen Araudia bera eta Espetxe Legedia urratuz preso bat modu iraunkor eta aldakaitzean egon daitekeen lehen graduan sailkatua zigorraren azken egunera arte. Tratamenduaren, legalitatearen eta erregimenaren auzia da hau, batez ere isolatuta, urrunduta eta sakabanatuta mantentzen gaituena. Urteak eman dituzte euskal gizarteari esanez ez garela preso politikoak, baina borroka armatua amaitu eta 10 urtera oraindik salbuespenezko espetxe politika ezartzen jarraitzen digute.

Covid-19ren ondorioz ezarritako neurriei aipamen bat egin behar diegu. Sei hilabetez jasan ondoren, Estatu espainiarreko hainbat lekutan pandemia berpizteak espetxeetan neurri berriak ezartzea ekarri du, gure eskubideen kaltetan gehienbat, gure harreman eta komunikazioetan batez ere. Bisiten murrizketak –aurrez aurrekoak bereziki– oso bortizki ezarri dizkigute, eta, Covid-aren garapenaren arabera, murrizketa horiek are zorrotzagoak izan daitezke espetxe batzuetan edo guztietan.

Egoera dramatikoa eta larria da espetxeetan, eta, giza eskubideen aldeko erakunde gehien-gehienek, Euskal Herriko gehiengo sozial, politiko eta sindikalek, edo EAEko Gobernuak berak errepikatzen duten moduan, arrazoi berriak daude, lehengoez gain, euskal presoen Euskal Herriratzeari ekiteko. Urruntasuna kalte psikiko eta fisiko handia eragiten ari zaigu euskal preso politikooi eta gure senideei; kostu ekonomikoa ere jasan ezina da gutako askoren familientzat; errepideetan urruntasunak handitu egiten du arriskua, haur eta helduentzat batik bat... eta osasun arrazoiak gehitzen zaizkio gaur horri guztiari.

Osasun larrialdi orokor honetan, eta epe laburrean konpontzeko itxurarik ez duenean, preso guztiak bakoitza bere herrialdean egotea da zentzuzkoena, eta, gure kasuan, Euskal Herrian egotea da bidezkoena.

Salbuespeneko espetxe politika alboratzeko garaia da, gaixorik diren edo adin handia duten presoei zigor luzaketa alboratzeko garaia, isolamendua eta erregimen itxiak bukatzeko garaia. Presoen zigor bikoiztuak baztertu ditzatela: salbuespen legedia, kideen arteko sakabanaketa, bakardadea, osasun artatze arduragabea... Egoera hau gehiago luzatu gabe has daitezela euskal presook Euskal Herriratzen.

Eta, garrantzitsuena eta oinarrizkoena dena, behingoz has daitezela preso politikorik gabeko Euskal Herri baterako oinarriak ezartzeari begira lanean. Espetxeak eta espetxe politikak ez dezan inoiz beste presorik erail.

Agur eta ohore Igor! Batasuna, elkartasuna eta herriarenganako lotura! Jo eta ke, irabazi arte!

Euskal Herria bihotzean, 2020ko irailean

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa

Euskal presoak Euskal Herrira!

Amnistia!

Independentzia!

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK