NAIZ

Moriako kanpamentuan zeuden errefuxiatuak hartzeko eskaintza egin du Lakuako Gobernuak

Lakuako Gobernuak euskal erakundeen baliabideak eskaini dizkie espainiar Gobernuari eta Europar Batasunari, gutun bidez, Lesbos irlako Moriako esparruan dauden errefuxiatuen harreran parte hartzeko.

Morian zeuden errefuxiatuek ahal duten tokian hartu dute aterpe. (Angelos TZORTZINIS/AFP)
Morian zeuden errefuxiatuek ahal duten tokian hartu dute aterpe. (Angelos TZORTZINIS/AFP)

Beatriz Artolazabal Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gutunak bidali dizkie Ilva Johansson Europar Batasuneko Barne Gaien komisarioari eta Jose Luis Escriva espainair Gobernuko Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazioetako ministroari, Moriako kanpamentuan zeuden errefuxiatuak hartzeko eskaintzarekin.

«Gaur egun bizi dugun egoera oso larria da, eta erantzun humanitario solidarioa, azkarra eta premiazkoa behar du, eta are gehiago egoera eramangaitz horri koronabirusaren pandemiaren eragina gehitzen badiogu. Eusko Jaurlaritzan konpromisoa hartzen dugu horretarako, eta, hori dela eta, laguntza eta elkartasuna eskaini nahi ditugu», adierazi du.

Gutunean, Artolazabalek gogorarazi du Share proposamena jendaurrean iragarri zuela Lakuak 2018ko irailaren 19an eta, harrezkero, Europako erakundeen, Vatikanoaren, ACNURen, espainiar Gobernuaren eta hari gehitu zaizkion estatuz azpiko gobernuen aurrean aurkeztu dela.

Sailburuak bi gobernuei gogorarazi dienez, proposamen hori da «Europako estatuen eta gobernuen erantzunkidetasunaren printzipioa premiaz antolatzeko mekanismo baliagarria».

Proposamen horrek egoera kalteberan dauden errefuxiatuak edo migratzaileak hartzeko ahalegina lurraldeen arabera banatzea planteatzen du, hiru parametro oinarri hartuta: aberastasuna (diru-sarrera fiskalak, batez besteko errenta erabilgarria edo BPG), %50eko pisua duena; biztanleria, %30eko pisua duena, eta langabezia indizea, %20ko pisua duena.

Artolazabalek nabarmendu duenez, Greziako uhartean bizi den egoerak Europako Batzordearen eta haren estatu kideen konpromisoa behar du, erantzun azkarra eta premiazkoa eskaintzeko errefuxiatuen krisi humanitario honen aurrean. Erantzun hori «birkokapen solidarioa, orekatua eta erantzunkidea izan daiteke», eta EAE horretarako «erabat prest» agertu da.

Lebosen lanean diharduen Zaporeak elkartea ekonomikoki laguntzen jarraituko duela ere iragarri du sailburuak.