NAIZ

Andoni Iturbe, Bizkaiko Kultura arloko zuzendaria, Lakuako Kulturako sailburuorde berria

Lakuako Gobernuko Kontseiluak Andoni Iturbe, orain arteko Bizkaiko Kultura saileko zuzendaria, Kulturako sailburuorde berria izendatu du. Joxean Muñozek, zortzi urtetan sailburuordea eta Tabakalerako zuzendari ohia, Kultura eta Hizkuntza Politika sailean jarraituko du, aholkulari gisa.

Andoni Iturbe. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Andoni Iturbe. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Joxean Muñoz Otaegik zortzi urte zeramatzan Kulturako sailburuorde bezala. Orain, pausu bat atzera egin du, nahiz eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari lotuta jarraituko duen, aholkulari gisa. Erabaki honen bitartez, «Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak indartu nahi du Kulturako sailburuordetza, eskarmentu handiko bi izendapen hauek batuz datozen erronkei modurik onenean heltzeko», Lakuak aditzera emandakoaren arabera.

Andoni Iturberen ibilbidea (Zornotza, 1967) Bizkaiko Aldundiari dago lotuta erabat. Deustuko Unibertsitateak Historia eta Geografian lizentziaduna, 1993an Bizkaiko Diputazioan sartu zen proiektu kulturalen tekniko lanak egiteko. Hamar urtetan (2004-2014), Bizkaiko Kultur Ondarearen zerbitzu-burua izan zen eta 2014tik aurrera, Kulturako zuzendari nagusia.

Joxean Muñozen (Donostia, 1957) gidoilaria, zinemagilea eta idazlea da. Bartzelonako Unibertsitatean Arte Garaikidearen Historian lizentziaduna, gidoigintzan aritu izan da urteetan. ‘Karramarro Uhartea’ filmagatik –bertan zuzendari lana egin zituen– Goya saria irabazi zuen 2000. urtean. Tabakalera Kultura Garaikidearen nazioarteko zentroaren zuzendari nagusia izan zen 2006tik 2010era, orduko alkatetzarekin (Odon Elorza zen orduko alkatea) izan zituen arazo eta desadostasunengatik utzi zuen arte. Kultura, Gazteria eta Kiroleko sailburuordea izan da Lakuan 2012tik gaur egunera arte.