OIHANE LARRETXEA
DONOSTIA

‘Bidasoan gora’, ibaiaren sigi-sagan arrotz joandakoak bildu ditu Eneko Aizpuruak

Hizkuntza literarioa baliatuz, saiakera berezia sortu du Eneko Aizpuruak. ‘Bidasoan gora’ (Elkar) Txingudiko badiako paduran hasi eta Baztango Xorroxin iturbururaino bidaia da, eta tartean bildu ditu arrotz etorri eta arrotz joan zirenen benetako pasadizoak. Historiaren ur zurrunbiloak irentsita, ur azalera ekarriak.

Eneko Aizpurua idazleak Elkarren eskutik kaleratu du ‘Bidasoan gora’. (Jon URBE I FOKU))
Eneko Aizpurua idazleak Elkarren eskutik kaleratu du ‘Bidasoan gora’. (Jon URBE I FOKU))

Bidasoa ibaiak hitzegingo balu kontatuko lituzke gure memoriak ahaztu dituen pasadizoak. Akaso inoiz oroituak izan ez zirenak, memorian gordetzera ailegatu ez ginenak. Kontatuko lituzke inon idatziak gelditu ez zirenak eta ahoz aho joan bai baina uneren batean eten zirenak. Gaur egun inork oroitzen ez dituen izenak, inoiz izan ziren arren.

Bere azken lana aurkeztu du Eneko Aizpuruak, ‘Bidasoan gora’ (Elkar), zeinarekin Tene Mujika saria irabazi zuen. Bi norabidetako bidaia bat proposatzen du, bata fisikoa, Txingudiko badiako paduran hasi eta Baztango Xorroxin iturbururaino doana, pausoz pauso, ur ertzetik. Paisaia horietan barrena uztartzen da bigarren bidaia, gure gertuko historiatik egiten duena, ahanzturatik ere baduena, izan zirenen pasadizoak errekuperatu nahi izan baititu idazleak. Bizi izan zutena eta izan zirena.

Literaturaren hizkuntza eta baliabideak erabiliz, errealitateaz mintzo da, baina ez da errealitatea «eta kito», astearte honetan egindako aurkezpenean aditzera eman duenez. «Ahalegin kontziente bat badago literaturarekin, moldeak puskatu nahi nituen, literatura egin nahi nuen baita ere, baina fikziozko pertsonaiarik ez dago. Saiakera da eta tonuari dagokionez asmoa ez zen erreportajea egitea, baizik literaturaren ikuspegia baliatzea, edo zerbait poetikoagoa egitea. Eta nostalgiaz zer esan? Badirudi gizarteak iragan goxo batean babestuta egoteko gogoa duela… Iraganera begiratu dut bai, baina orainean biziz eta nostalgiatik harantzago joanez idatzi nahi nuen», erantsi du.

Haritik tiraka

Claudio Magris idazlearen ‘Danubio’ obra edo Sebald bezalako egileak erreferentzia eta ispilu gisa hartuta idatzi du Aizpuruak. «Uztartu nahi izan ditut tokian bertan ikusitakoak eta, bestetik, Bidasoa ibaia bizkar-hezur izan eta bertan jazotako hainbat gaietan sakonduz. Dokumentazio lana dago bidaia aurretik egindakoa, baina bidea libre utzi nahi nuen, bideak erakuts ziezadala nondik nora noan. Liburu hau ez litzateke posible izango ez balitz bidean aurkitu ditudan testigantzik gabe, balio berezia dute», aitortu du.

Kontatu duenez, errealitatean oinarritutako istorioak dira, eta tartean topatuko ditugu Pio Barojak eta Aitzolek topo egin zuteneko pasadizoa, 70. hamarkadan Bidasoa klandestinoki gurutzatu zutenen gertaerak, II. Mundu Gerran iheslari juduen nondik norakoak, hala nola Mikel Zabaltzaren eta Eduardo Lopezen heriotzak.

Dokumentazio lanetan ari zela, garbi ikusi du egileak «ur hondoan» gelditu direla pasarte batzuk «betiko loak hartuta», eta hori izan da nire asmoa, ur azalera ateratzea. «Zabaltzaren kasua eta Eduardo Lopez poliziarena oso paradigmatikoa da. Mikel Zabaltzaren gorpua agertu zen lekutik 100 metrora hil zuten 10 urte geroago Eduardo Lopez polizia, eta bitxia da baina herri honetan batzuek badakite zer gertatu zen 100 metro gorago, baina ez dakit zer gertatu zen 100 metro beherago, eta alderantziz».

Bidasoa ibaia da pertsonaia nagusia, protagonista, eta hari hori baliatuz uztartu ditu bi gertaera haiek. «Bi familiengana jo nuen, eta bien aldetik oso harrera ona izan nuen. Badakit beraientzat zaila izan dela berriro gogoratzea, eta alde horretatik oso eskertua nago».

Irakurleak ere tartean topatuko ditu ihesean edo ibaia zeharkatzen zuten migratzaile portugaldarrak. «Dokumentazio lanetan ari nintzela konturatu ninten ahozko testigantzak bazeudela migratzaile portugaldarren zeharkaldiak kontatzen zituztenak, gutxi, baina bazeuden. Eta ikertuz iritsi nintzen Biriatouko pasatzaile batengana oraindik bizi dena», gogoratu du. Haritik tiraka eta tiraka heldu zen Blas Andres izeneko gizonaren istorioa ezagutzera. Hala jakin zuen uda partean, egunero egunero, zenbat portugaldar laguntzen zituzten ihesaldian, Bidasoan gora…