Donibane Lohizune eta Ziburu artean iraganen da irailaren 27an «memoria ibiltaria» ekimena

Irailaren 27an 45 urte beteko dira Juan Paredes ‘Txiki’ , Angel Otaegi, eta FRAP erakundeko hiru kide fusilatu zituztenetik. Horren karietara Donibane Lohizunen hasi eta Ziburun bukatuko den «memoria ibiltaria» deituriko ekimenean parte hartzeko deia egin du ezker abertzaleak.

NAIZ|2020/09/15
Gudari_eguna
Gaixotasun batek jota hil zen Oier Gomez presoa gogoan izan zuten iazko Gudari Egunean, Baionan. (Guillaume FAUVEAU)

Juan Paredes ‘Txiki’ eta Angel Otaegi, FRAP erakunde armatuko hiru kiderekin batera, 1975eko irailaren 27an fusilatu zituzten, frankismo garaiko azken heriotza-zigorrak izan zirelarik.

Geroztik ezker abertzaleak Gudari Eguna antolatzen du urtero data horretan, «Euskal Herriaren alde bizia eman duten borrokalari guziak omentzeko eguna bilakatuz».

Hedabideei igorritako prentsa-oharrean azaldu duenez, aurtengo Gudari Eguna testuinguru berezian heldu da Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan azken urteetan abertzaleek egindako aitzinamenduei esker.

«Egun milaka jendek jarraitzen du bere onena emanez militantzia esparru ezberdinetan, entrega eta dedikazio handiz beste bidelagunekin lankidetzan» eta politikagintza, sindikalgintza, euskalgintza, kulturgintza, mugimendu feminista, gazteria edota euskal preso politikoen aldeko dinamikak aipatu ditu aitzinamendu horien garrantzia agerian uzteko.

Ekitaldi xumea

Irailaren 27an, goizeko 11.00etan Donibane Lohizuneko plazan abiatuko da «memoria ibiltaria» izeneko ekimena.

Deitzaileen arabera, ibilbidean zehar «Euskal Herriaren historian gertaera garrantzitsuak izan diren lekuetan hitz hartzeak eta lekukotasunak izanen dira».

Ondotik, 12.00etan Ziburuko plazan ekitaldi bat eginen dute.