Jon Ormazabal

Endika Uriondok azaroaren 1ean egingo du debuta Baikorekin Bilboko Bizkaia pilotalekuan

Debutaren jakinarazpena enpresako pilotari talde handi batek euren ezinegona azalerazteko deitutako prentsaurrekoa baino ordu batzuk lehenago eman da jakitera.

Endika Uriondo Baikoko elastikoa soinean duela. (BAIKO PILOTA)
Endika Uriondo Baikoko elastikoa soinean duela. (BAIKO PILOTA)

Baikok jakitera eman duenez, Endika Uriondok azaroaren 1ean egingo du profesional mailako debuta Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko den jaialdi batean. Berez, apirilaren 26an egin eman behar zuen Gizaburuagako atzelariak afizionatuetatik profesionaletarako jauzia, baina covid-19aren inguruan jazotako guztiaren ondoren, hilabete batzuk atzeratu da dena.

23 urterekin ireki zaizkio Lea-Ibarra Motrollo Pilota Elkartean hazitako pilotariari Baikoko ateak, azken urteetan afizionatuetan txapel asko batu ondoren, esaterako autengo Lezama eta Elgoibarreko txapelketak, iazko Lezo, Euskal Herriko Elitea, Lezama eta Urduliz eta 2018ko Bankoa&DV.

Antzeko kasu batean da Iraitz Zubizarreta aurrelari ataundarra. Goierritarrak lehenago egingo du debuta, iraliaren 26an, Ataunen bertan eta Jon Ander Albisu herrikidea atzelari duela. Bengoetxea VI.a-Aranguren izango dituzte parean.

Giro aldrebesa

Bi gazte hauen ilusioa sekulakoa den arren, ezin da ahaztu Uriondoren debutaren iragarpena oso une zehatzean eman duela Baikok, izan ere arratsaldeko 17.00etan enpresako pilotari talde handi batek prentsaurrekoa eskainiko du Tolosako Beotibar pilotalekuan, enpresarekin dituzten gorabeheren inguruan euren bertsioa emateko. Ezinegona handia da pilotari askoren artean, bereziki Victor eta Iosu Eskirozi euren lan harremanak berritu ez ostean.