NAIZ

Hendaiako zonalde industriala birmoldatzeko Euskal Elkargoaren egitasmoa martxan da

Euskal Elkargoak martxan ezarri duen politika ekonomikoaren baitan kokatzen da Hendaiako industriagunea birmoldatzeko plana. Irailaren 14an hasi eta 2021eko udaberrian amaituko diren lanak finatzatzeko 3.165 milioi euro jarriko ditu Euskal Elkargoak. Egitasmoa beste zonalde industrialetara ere hedatuko da.

Donibane Lohizuneko Jalday industriagunea ere birmildatuko da 2021. urtean. (Guillaume FAUVEAU)
Donibane Lohizuneko Jalday industriagunea ere birmildatuko da 2021. urtean. (Guillaume FAUVEAU)

Hendaiako Joncaux zonalde industriala birmoldatzeko lanak aste honetan hasi dira eta udaberrian amaituko dira. Helburua, leku hori lanpostuak sustatuko dituen industriagune indartsu bilakatzea da. Euskal Elkargoaren esanetan, proiektuaren xedea «XXI. mendeko enpresagune bat» eraikitzea da.

Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak aditzera eman duenez, «Lanpostu kualifikatuak eta dinamika aktiboak sortuko dituen ekonomia produktiboa sustatzea erabaki du Euskal Elkargoak eta, hain zuzen ere, Hendaiako Joncaux industrialdeko birmoldaketa lanak Euskal Elkargoak plantan ezarri duen politika ekonomikoaren baitan kokatzen dira».

Behin-behineko planaren arabera, irailaren 14ean hasitako lanak udaberrian amaituko dira. Arazorik ezean, lanak 2021eko apirilean amaitu beharko liratekeela azaldu du Euskal Elkargoak eta egitasmo hau burura eramateko 3.165 milioi euro (interes tasak kontuan hartu gabe) inbertitzeko konpromisoa hartu duela adierazi du. 

Lan hauek aurrez egindako lanketa baten emaitza dira. Izan ere, 2018ko azaroa eta 2019ko maiatza bitartean bilkura andana egin zituzten Euskal Elkargoko ordezkariek eragile desberdinekin. Hendaiako Udala, egitasmoaren zuzendaria den Atelier Broichot arkitektoa eta hainbat enpresetako ordezkariekin egindako bilkuren helburua «adostutako ikuspuntua» lortzea izan zen.

Adostutako hiru helburu

Gauzak honela, guztien artean birmoldatze planaren helburuak adostu zituzten eta hiru jomuga zehaztu zituzten. Lehena, eurite indartsuen ostean izaten diren uholdeei erantzuteko euri-uren sare eraginkor bat eraikitzea. Bigarrena, mugikortasuna erraztu eta hobetzeko bitartekoak ezartzea, hala nola, gune horretako zerbitzua hobetuz, bizikletentzako bidegorri berria eraikiz, industriagunea zeharkatzen duen kale nagusia oinezkoentzat egokituz, ibilgailu astunen aparkamendu irregularra debekatuz, eta abar.

Hirugarren helburua langileen egunerokoa hobetzen lagun dezaketen neurriak hartzea da. Adibidez, espazio berdeak sortzea, langileentzat ingurune funtzionalak eratzea edo enpresa desberdinek baliatu ahal izango duten jantokia eraikitzea. Bestalde, lan egunetako sarrera-irteerak kontuan hartuko dira autobus zerbitzua antolatzeko eta langileek haien ibilgailuak aparkatu ahal izateko.
 
Beste industriaguneak

Duela 45 urte sortu zen Joncaux zonalde industrialean 105 enpresa daude eta 1.400 pertsonak egiten dute bertan lan. Industriagune garrantzitsua bada beraz, baina aurrera begira beste gune batzuk indartzeko asmoa ere azaldu du Euskal Elkargoak.

Beste batzuen artean, Donibane Lohizuneko Jalday eta Laiatz industriaguneak ere birmoldatuak izango dira 2021. urtean. Hortaz, plantan ezarri den egitasmoak bere osotasunean 360 enpresatan lan egiten duten 4.000 langileri eragingo die.