NAIZ

Duela hilabete agertu ziren Sololuzeren gorpuzkiak, baina oraindik Beltranen berririk ez

Alberto Sololuzeren gorpuzkiak Zaldibarren agertu zirenetik hilabetea bete da gaur asteazkenean. Orduan aipatu zenez, bi asteko epean zonaldea guztiz hustuko zen eta Joaquin Beltranenak ere hor egoteko itxaropena bazen. Geroztik ez da berririk izan, tamalez.

Miaketa lanak zailtasun handiz garatzen dira Zaldibarren. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Miaketa lanak zailtasun handiz garatzen dira Zaldibarren. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Joan den astean Alberto Sololuzeri Markina-Xemeinen eginiko agur-ekitaldira Joaquin Beltran senideak bertaratu ziren. Lehenengo langilearen gorpuzkiak agertu izanak dolua arintzeko aukera eman dio familiari, baina bigarrenak zain segitzen du.

Abuztuaren 16an azaleratu ziren, hain zuzen ere, giza arrasto haiek eta egun gutxi batzuetan Alberto Sololuzerenak zirela guztiz frogatuta gelditu zen. Gaur bertan hilabete bat pasatu da igande hartatik.

Arratsalde horretan Ermuan eginiko premiazko agerraldian, itxaropentsu agertu ziren Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordea eta Aitor Zulueta zuzendari nagusia. Azaldu zutenez, Zaldibarko zabortegiaren baskularen azpian zeuden hondakin guztiak bi asteko epean kenduko zituzten: 2.500 metro kubiko inguru, guztira. Eta Joaquin Beltranen gorpuzkiak hor aurkitzeko konfidantza bazuten.

Horrela izango ez balitz, eremu askoz zabalagoa miatu beharko luketeela aurreratu zuten Zubiagak eta Zuluetak agerraldi honetan, lan horiek seguruenik hilabete ugari luzatuko zirela erantsiz. Izan ere, bigarren eremu honetan 350.000 metro kubikoko lur eta zaborrak mugitu beharko lituzkete, beti ere zorua kontu handiz egonkortu ondoren eta bilaketa lan ia «arkeologikoa» eginez.

Geroztik, Lakuako Gobernuak ez du azaldu Sololuze ageri zen zonaldea jada guztiz garbitu duen edo horretan lanean segitzen den. Gogoratu behar da ikaragarrizko luizia eragin zuela otsailak 6ko katastrofeak; gorpuzkiak Alberto Sololuze zegoen tokitik 23 metro hondoratuta aurkitu zituzten, zortzi pisuko eraikin baten altuera hain zuzen ere.