EH Bilduk azalpenak eskatuko dizkio Marlaskari, kartzelan izan diren azken heriotzengatik

EH Bilduk azalpenak eskatuko dizkio Fernando Grande Marlaska Barne ministroari, kartzelan izan diren azken heriotzengatik. Ohartarazi duenez, «Administrazioen ardura da preso dauden pertsona guztien osasuna eta bizi-baldintzak bermatzea».

NAIZ|2020/09/16
Bilbo
Irailaren 4an agertu zen Igor Gonzalez Solaren gorpua. (Aritz LOIOLA / FOKU)

EH Bilduk azalpenak eskatuko dizkio Fernando Grande Marlaska Barne ministroari, kartzelan izandako heriotzen gorakadagatik. Indar soberanistearen ustez, «onartezina» da azken egunotan euskal kartzeletan bi preso hil izana. Irailaren 4an agertu zen Igor Gonzalez Solaren gorpua Martuteneko ziega batean, eta atzo Salhaketak Zaballan beste preso bat hil dela jakinarazi zuen.

«Errealitate hori jasanezina da gizarte demokratiko batean», nabarmendu du EH Bilduk ohar batean. Izan ere, azaldu duen bezala, «Administrazioen ardura preso dauden pertsona guztien osasuna eta bizi-baldintzak bermatzea da».

Hala, EH Bilduk Diputatuen Kongresuan duen talde parlamentarioak Barne ministroaren agerraldia eskatu du, «espetxean izandako heriotzen hazkundearen arrazoia azaltzeko, bereziki, suizidioak direla eta, eta horren inguruan hartuko diren neurriei buruzko azalpenak emateko».

EH Bilduk nabarmendu duenez, bi preso hauen heriotzak agerian utzi du «behin betiko salbuespenezko politikarekin amaitzeko premia».

Gonzalez Sola hiru espetxe ezberdinetan egon zen Martutenera heldu baino lehen, eta espetxean emandako denboragatik, aurtengo martxoan lortu behar zuen baldintzapeneko askatasuna, orduan bete baitzituen auzitegiek ezarritako hogei urteko kondenaren hiru laurdenak.

Zaballan hil den presoaren kasuan, Salhaketak emandako informazioaren arabera, laguntza sikologikoa eskatu zuen bi alditan, baina ez zuen erantzunik jaso. Barne Ministeriotik diote Osakidetzako sikologo batekin egon zela. Iruñeko kartzeletatik zetorren.  

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK