A.E.

Getxoko Torrene erakusketa-aretoa itxi eta bulego bat jartzearen aurkako artisten ekimena

Algortako Torrene erakusketa-aretoa zegoen tokian administrazioko bulegoak jartzea otu zaio Algortako Udalari. Horren aurka, eta pandemia egoeran kulturak pairatzen duen krisiari lotuta, gaur Artibistak kolektiboko partaideek protesta ekitaldia egin dute.

Artibista kolektiboak gaur egindako protestaren irudia. (HIRUKA)
Artibista kolektiboak gaur egindako protestaren irudia. (HIRUKA)

Urteetan zehar bizitza artistikoaren lekuko izan den tokia, erakusketa ugariren kokagune, bat batean, osasun-krisiaren testuinguruan, itxi eta administrazio bulegoa bihurtu du Getxoko Udalak. Hau dela eta, joan den uztailaren 30ean galdera helarazi zion Artibistak kolektiboak Amaia Agirreri, Getxoko alkateari, Algortako Torrene erakusketa-aretoaren itxiera zela eta, eta horren inguruko kudeaketarekin ados ez zeudela adieraziz.

Erantzunean, eta Udalaren aburuz, herrian erakusketa-areto nahikoa dago. Erromon kultur etxe bat dago, hain zuzen ere. Baina bertako artistentzat ez da nahikoa:

«Ez dugu ulertzen zergatik hartu den erabaki hori kultura-eragileei inolako azalpenik eman gabe. Artista getxoztarrok arterako eta kulturarako espazio duina behar dugu. Baldintza eta neurri egokiak dituen areto bat, Torrene erakusketa aretoa bezalakoa. Urteetan zehar aukera artistiko ezberdinez gozatzeko aukera izan dugu bertan, getxoztarrengana kultura hurbiltzeko bitarteko aparta izan da. Gainera, udalerriko erakusketa-areto hoberena zenez, kolektibo askoren erreminta bikaina izan da azken urteotan, eta sortzen ari diren artisten topaleku eta erakustoki paregabea».

Hau dela eta, gaur ostegunean Torrene kalean protesta egin dute artistek, bertan elkartu eta beraien burua ikusarazteko asmoarekin. «Kultura segurua da, eta hala ere alerta gorrian gaude», aldarrikatu dute Ines Bermejo eta Ainhoa Ortells artistek.