Ane URKIRI
Villabona

Iazko sagar uztaren erdia biltzea aurreikusten dute Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako sagargileek

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturarako sagar bilketa hasi da Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako sagastietan eta dagoeneko aurreikusi dute iazko uztaren erdia bilduko dutela aurten; hau da, 2 milioi kilo sagar inguruko uzta izatea espero dute −iaz 5 milioi kilotik gora batu zituzten−. Aurten saldu beharreko sagardoari dagokionez, %20-%25 bitarteko soberakinak izango dituzte.

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako zenbait kide, sagargileak eta instituzioetako ordezkariak hurbildu dira Otalarreako sagasti esperimentalera. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako zenbait kide, sagargileak eta instituzioetako ordezkariak hurbildu dira Otalarreako sagasti esperimentalera. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Ohikoa omen da uzta oparo baten ondoren «ez urtea» egokitzea, normalean sagarrak bi urtez behin izaten baitu uzta oparoa. Uzta ekilibratuagoa lantzeko lanetan badabiltza ere, oraindik sagastietan nabaritzen da urte batetik besterako aldea.

Aurten, beraz, uzta txikiagoa aurreikusten dute. Zehazki, iazkoaren erdia edo %40koa izango da 2020koa, oraindik ere guztiz zehaztea zaila den arren, sagarrak biltzeko lanetan bete-betean baitaude Araba, Bizkai eta Gipuzkoak sagargileak. 

«Ez urtea» izateaz gain, klimak ere izan du bere eragina. Negua ez da hain hotza izan eta udaran euri gutxi egin du. Ondorioz, iaz 5 milioi kilotik pasa sagar bildu baziren 250 sagargileren sagastietan (475 hektarea), aurten 2 milioi edo 2,2 milioi sagar batzea espero dute.

Aurtengo sagarren izaeraren xehetasunetan sartu aurretik, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako koordinatzaile Unai Agirrek iazko uztarekin ekoitzitako sagardoaren salmentak zer moduzkoak izan diren azaldu du. Espero bezala, soberakinekin bukatuko dute sasoia baina zehaztu du «aurreikusi baino txikiagoa» izango dela.

NAIZi adierazi dio oraindik ez dituztela kalkulatu galerak zehatz-mehatz baina, gutxi gorabehera, %20 eta %25eko soberakinak izango dituzte. Pandemiaren eraginez, HORECA kanala eten egin zen hilabete batzuetan eta horrek eragina izan duela azaldu du Villabonako Otalarreako sagasti esperimentalean emaniko prentsa agerraldian.

Soberakin horiek dituztenez, «aurtengo uzta txikia izateak ez digu gehiegirik eragingo, aurtengo sagardoa oraindik badagoelako», argitu du Agirrek.

Uzta txikia izanagatik, izaera handikoa

Felix San Sebastian sagargile eta Fruitel elkarteko lehendakariak nabarmendu du uzta txikiagoa izanagatik, «izaera handiko» sagarrak izango direla. Polifenol edo taninoetan ondo hornitutako uzta izango da –hau da, azukre baino altua izango dute– eta honek sagardoan eragina izango du.

Zehaztu du azukre maila jakiteko sagarren indize refraktometrikoa (ºbrix) neurtu dutela eta iazkoa baino 11,9 puntu altuagoko indizea izango du aurtengo uztak. 

Euskal Sagardoa Jatorri Deituran hobetsitako 24 sagarrak erakutsi dituzte agerraldian, onartutako sagar motak 115 direla gogoraraziz. Jatorri Deitura sortu zenean jarri zuten erronka izan zen 15 urtean %100 bertako sagar hutsez egitea euskal sagardo guztia.

Lau proiektu nagusi

Hurrengo urtean 100 hektarea sartuko dira ekoizpen prozesuan sagasti berriak sortzeaz gain, proiektuak baditu bestelako erronkak ere –lau, zehazki–, bikaintasuna lortzea helburu.

Bata da polinizazioa; bertako sagar motek elkar polinizatzeko duten gaitasuna aztertzen saiatzea, alegia. Beste bat da «ez urtea» saihesteko asmoz bakanketa egitea. «Asko den urteetan sagarra bakantzea uzta ekilibratuago bat egiteko eta hemengo orografia eta sagar motetara egokitutako bakanketa sistemak probatzen ari da sektorea», adierazi du Felix San Sebastianek. 2021etik aurrera martxan jarriko den fasea izango da.

Barietatea hobetzen joateko, aukeraketa bat egitea komeni da mentuak sagarrik egoki eta emaleenari hartuta. Lurra ekoizpenaren «zutabea» dela gogorarazi dute baita eta «lurraren lanketan sektorea formatzen» jarraitzeko asmoa erakutsi dute.