Bera Berak Guardes garaitu du zati bakoitzaren hasieran erakutsitako segurtasuna giltzarri hartuta

Bera Berak denboraldiko bigarren garaipena eskuratu du Atletico Guardes 31-22 garaitu ostean. Neurketa garrantzitsutzat jo zuen gaurko norgehiagoka Imanol Alvarez entrenatzaileak eta donostiarrak indartsu hasi dute zati bakoitza eta garaipenerako giltzarri bihurtu dira minutu horiek.

Ane URKIRI|Donostia|2020/09/18
Metxeberriaguardes
Maitane Etxeberria izan da lehen zatian gol gehien sartu dituen Bera Berako jokalaria, hiru golekin. (Gorka RUBIO / FOKU)

Bera Beraren arerio zuzen batek bisitatu du ostiral honetan Donostiako Jose Antonio Gasca kiroldegia eta etxekoek ez dute huts egin nahi izan zaleekin jokatu duten lehen norgehiagokan. Zati bakoitzaren hasieran erakutsitako segurtasunak eraman die aurkari indartsu baten aurkako neurketa gol festa batean bilakatzera.

Koronabirusak gure usadioak erabat aldatzera iritsi zenetik, gaur izan da aurreneko aldia Gasca kiroldegira zalegoa sartu dena, Bera Berak, IDK Gipuzkoak eta Aldundiak adosturiko protokolo bati esker. Guztira 350 pertsona sartzeko ahalmena izan du kiroldegiak eta jendeak erantzun du. Bera Berak, gainera, iazko denboraldiko liga garaikurra jaso du bere zalegoaren babespean.

«Musukoak bai, animatu ere bai», adierazi die neurketako animatzaileak ere. Talde donostiarra animoen beharrez zegoen, nahiz eta aurreneko jardunaldian aise garaitu zuen Lanzaroteko San Jose Obrero taldea. Ostiral honetakoa zen benetan indarrak neurtzeko aproposa izan zitekeen neurketa, Kopako lehenengo lehian kanporatuak izan ostean.

Atletico Guardesek ere erraztasunez lortu zuen garaipena lehen jardunaldian eta donostiarrak errespetuz jaso dute arerioa. Errespetuz baina beldur gabe eta horixe bera erakutsi dute lehenengo minutuetan.

Zati bakoitzeko hasierak giltzarri izan dira Bera Berak Atletico Guardes garaitzeko, ondoren galiziarrak markagailua estutzera iritsi badira ere. Lehen zatiaren hasieran 5-1eko partziala lortu du eta bigarren zatiko lehen hamar minututan 7-4koa.

Aurreneko 30 minutuetan ez du inoiz galdu bi goleko aldea etxeko taldeak eta horrek bide eman dio, lehen zatiaren hondarrean, diferentzia hiru golera handitzeko ere. Cardosok, gol zoragarri batekin, loratu du lehen zatiaren bukaera.

Sandra Santiagoren golek eta geldikako erasoan Bera Berak sumatu duen ideia faltari esker −nabaritu da Boada eta Cesareoren hutsunea zenbait momentutan, batez ere lehen zatiaren erdiko minutuetan− kezkatzeko iruditik gertu egon da Alvarezen taldea.

Hernandezek 5 gol bigarren zatian

Kezka guztiak, baina, bigarren zatia hasi bezain laster joan dira. Arrudak merituzko geldialdiak egiten jarraitu du −guztira 13 gelditurekin bukatu du lehia− eta Hernandezek bere benetako sena erakutsi du (7 gol, horietatik 5 bigarren zatian). O'Mullony eta Arrojeriak ere neurketako beraien aurreneko golekin topatu dira eta bederatzi goleko aldea izatera iritsi dira (25-16).

Galiziarrek kanpoko jaurtiketekin ez dute izan lehen zatiko zorte berdina −hiru jaurtiketa zutoinera joan dira eta bi kanpora, bat defentsak desbideratuta−.

Neurketa bukaerara iristen ari zen heinean, gipuzkoarrak are seguruago sentitu dira eta Cavo argentinarra ere animatu da −azken bost minutuetan eginiko bi golekin− gol festan bilakatu den neurketara.

Fitxa teknikoa:

Bera Bera: Arruda; Etxeberria (4), O'Mullony (1), Arrojeria (2), Hernandez (7), Gil (1), Teres (1). Pizzo (2), Moreno (4), Menendez (1), Cardoso (4), A. Etxeberria (2), Fernandes, Cavo (2).

Atletico Guardes: Carratu; L. Perez (1), Arcos (5), Rajnohova, Moreno (2), Buforn (3), Gomez (1). M. Sempere (p.s.), Santiago (7), Lima (3), Barbosa, Descalzo.

Epaileak: Yagüe Moros eta Peñaranda Ortega. Bi minuturako kanporatu dituzte Bera Berako jokalari Pizzo eta Teres (2) eta Atletico Guardeseko Buforn.

Partzialak: 4-1, 7-2, 9-6, 10-8, 12-10, 14-11 (atsedenaldia); 18-14, 21-15, 25-16, 27-19, 28-20, 31-22.

Gertakizunak: Jose Antonio Gasca kiroldegian jokatu da zaleen babesarekin.