ANDONI ARABAOLAZA

Himalaia: «Torturen printzeak» Manaslu du helburu

Nepalgo agintariek soilik bi baimen eman dituzte montzoi ostean jarduteko. Bahraingo Erresumaren Nasser Bin Hamad Al Khalifa printzeak koordinatutako espedizio bat Manaslun saiatuko da. Baruntsen, berriz, talde nepaldar bat.

Pandemia gogor astintzen ari da Nepal. Asiako herrialde horretatik iritsitako informazioen arabera, azken asteotan inoizko datu txarrenak izaten ari da.

Egoera horrek, jakina, udazkeneko edo montzoi osteko denboraldia erabat baldintzatu du. Berez, mugak zabaldu behar zituen, eta atzerriko hegaldiak baimendu. Baina, covid-19ak eragindako kutsatuen eta hildakoen kopurua hazi egin denez, Katmanduko Gobernuak bestelako erabakiak hartu ditu.

Horietako bat da soilik baimentzea emergentzian eta osasunean oinarritutako hegaldiak. Alabaina, espedizio batek Manaslu (8.163 m) igotzeko baimena eskuan du. Bahraingo Erresumaren “sinadura” darama. Eta, harrigarria bada ere, lan guztiak koordinatzen jardungo duena herrialde horretako erregearen laugarren semea da: Nasser Bin Hamad Al Khalifa izango da. Hots, 2011. urteko udaberri arabiarrean “torturen printzea” bezala ezaguna egin zen emirra.

Gogoratu behar dugu altxamendu horretan herritarrak oso era bortitzean zapaldu zituztela. Aipatu dugun emir hori garai haietan “legea ezartzeko” agentziaren buru zen. Errepresioak hildako eta torturatu ugari utzi zituen. Europara ihes egin zuten biktima ugarik baieztatu zuten Nasser Bin Hamad Al Kahlifak berak tortura saioetan hartu zuela parte.

Nepali ezin zaio aurpegiratu erabaki hori hartzea. Izan ere, 2013. urtean “torturen printzea” Berlin eta Miamiko Iron Man lasterketetan lehiatu zen. Hurrengo urtean, berriz, Normandian antolatu ziren Munduko Zaldi Lasterketen Txapelketan eta Ingalaterran Windsor Horse Show izeneko ekitaldian lehiatu zen.

Baina talde horrek nola lortu ote du Manaslu eskalatzeko baimena? Erantzuna ez da batere zaila: petrodolarrak. Halere, “ofizialki” diote Nepalgo Gobernuarekin hitzarmena lortu dutela mendiko herrietan jakiak banatzeko. Horren truke, alegia. Bitartekari lanak, berriz, Seven Summit Treks agentziak egin ditu. Zalantzarik gabe, denboraldi hasiera ezin hobea agentzia horrentzat espedizio berezi horrekin.

Kirol ikuspuntu batetik aurreratu behar dugu ez duela ezer berririk emango. 18 mendizalek osatuko dute espedizioa; horietako 15 Bahraingo Erresumaren Guardia Errealeko kideak dira. Berez, Katmandura asteazkenean iristekoak ziren jet pribatu batean. Berrogeialdia igaro eta gero, talde hori Lobuche East mendian (6.119 m) girora egokituko da.

Baruntse

Aldaketarik ez badago, “torturen printzeak” zuzendutako espedizioa udazken honetan Himalaiako mendilerroan jardungo duen atzerriko talde bakarra izango da. Baina bada beste bat “etxean” bertan antolatu dutena. Baruntse mendia (7.129 m) izango du xede, eta Dawa Steven Xerpa izango da zuzendari lanak egingo dituena.

Talde nepaldarrak zazpimilako tekniko horretan zer egingo duenari buruz ez da momentuz berririk jaso. Hots, ez dute jakitera eman bide berriren bat zabaldu ala dagoen bat errepikatuko duten. Espediziokide guztiek, mendi gidariak izateaz gain, zortzimilakoetan eskarmentu zabala dute.

Aurreratu duten bakarra da espedizio horrekin xerpek bizi duten egoera larria lehen lerrora eraman nahi dutela. Jakina denez, herri horren diru-sarrera garrantzitsuenak alpinismotik eta mendiko turismotik jasotzen ditu. Horregatik,  xede berri horri “Nepal Tourism Recovery Expetidion” izena jarri diote.