NAIZ

Altuna III.a eta Imaz izan dira hirugarren Masterseko ligaxkan

Ostiral gauean Oinatz Bengoetxea eta Julen Martijari 19-22 irabazi zioten eta Olaizola II-Zabaletaren aurka jokatuko dute datorren ostiraleko finalerdia. Bestean, astelehen honetan, Artola-Rezusta eta Bengoetxea VI-Martija neurtuko dira.

Jokin Altuna, aurreko partida batean (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Jokin Altuna, aurreko partida batean (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Jokin Altunak eta Ander Imazek eskuratu dute CaixaBank Masterseko hirugarre postua, ostiral gauean Lizarran Oinatz Bengoetxea eta Julen Martijari 19-22 irabazi ondoren.

Emaitza horren ondorioz, Altuna III-Imazek finalerdietan Olaizola II-Zabaletaren kontra jokatuko dute, datorren ostiralean, eta Bengoetxea VI-Martijak Artola-Rezusta liderren aurka, astelehen honetan bertan. Bi partidak Logroñoko Adarraga pilotalekuan jokatuko dira, 19.15etan hasiko diren jaialdietan.

Ostiral gaueko partidan bikote nafarra markagailuan aurretik ibili zen denbora askoan, lehen zatian 10-5 aurreratu ondoren. Baina beste askotan egin izan duten bezala, Altuna eta Imaz gerturatzen joan ziren norgehiagoka gogortzen joan ahala. Lehenik 17-17 berdintzea lortu zuten, eta azken txanpan 19-22 nagusitu.

Pilotakadak hainbeste izan ez arren (494) neurketa dezente luzatu zen (71 minutu), eta Jokin Altunak azkenerako erremate sorta ederra pilatu zuen.

Azken jardunaldiko beste hiru neurketak, sailkapenean ondorio garrantzitsurik izango ez dutenak, larunbatean jokatzen dira.