Defentsako hanka-sartzeek bigarren porrotera kondenatu dute Alaves Granadaren zelaian (2-1)

Alavesek denboraldiko bigarren porrota jaso du bigarren jardunaldian, 2-1 galdu du Granadaren zelaian. Soldadok ireki du markagailua neurketa hasi eta gutxira, eta Joseluk berdinketako gola egin du 22. minutuan. Babazorroek garaipenerako aukera argia eduki eta segituan, baina, hanka-sartze baten ondorioz, Machisek 2-1ekoa jarri du. [Partidako xehetasunak]

Ane URKIRI|2020/09/20
Deyversongranada
Deyversonek hasieratik jokatu du, Lucas Perezen lesioa dela-eta. (Antonio L. JUAREZ / LA OTRA FOTO)

Deportivo Alavesek ezin irabazita jarraitzen du. Granadaren aurkako bigarren zatian itxura hobetu badu ere -Mendez garaipenerako gola egitetik gertu egon da-, defentsan eginiko hanka-sartzeek porrotera kondenatu dute. 

Soldadoren gol goiztiarrak urduritu egin du Pablo Machinen taldeak baina berandu izan baino lehenago, Joseluk berdinketako gola egin du falta jaurtiketa indartsu batean.

Eta gaitzerdi aurrelari babazorroa golarekin topatu dela, esperantzarako argia pizteko soilik izan bada ere. Hala ezean, gasteiztarrek are itxura kezkagarriarekin utziko luketelako Los Carmenes futbol zelaia. Zenbait minutu on izan dituzte baina ezin daiteke alderatu Diego Martinezen Granadak erakutsitako freskotasunarekin.

Freskotasun horrekin, hain zuzen, egin du 1-0ekoa neurketa hasi eta 7 minutura. Edgar Mendezek arerioaren zelaiko izkinako lerroan galdu du baloia kornerra lortu nahian; Machinek baloia hartu eta baloi luze batekin Soldaduren lasterketa bilatu du. Eskarmentu handiko aurrelaria izanik, erraz ihes egin dio Elyri −italo-brasildarrari nahiko motel ikusi zaio− eta ez du hutsik egin Pachecoren aurrean.

Pase luze bat, kontrol on bat eta ondo bideratutako amaierako jaurtiketarekin Alavesen hutsune argienak bistan utzi ditu Granadak. Oraindik ere kosta egiten zaio erasoan zerbait argia egitea eta defentsa kamuts dabil.

Gaurkoan Lejeunek egin du debuta hiru atzelariko lerroan eta sendotasun apur bat eman dio taldeari minutuak aurrera egin ahala, Rioja Puertasen lasterketa eta erregateekin nahikoa buruko min izaten baitzebilen. Machisek ere nahikoa buruhauste zortu dizkie Laguardia zein Edgar Mendezi.

Deyversonek area ertzean eragindako falta batean egin du gola Joseluk, jaurtiketa indartsu batekin. Honek, baina, ez ditu itzali Alavesen zenbait zalantza eta, bien bitartean, Granadak bi gol egiteko aukera alferrik galdu ditu. Herreraren burukada −korner batean− zein Puertasen errematea, oinarekin, kanpora joan dira Gloriosoren zorterako.

Lucas eta Pinaren bajak

Lucas Perez −Deyversonek ordezkatu du− eta, batez ere, Tomas Pinaren azken orduko bajek ere ez diote inola ere lagundu Soriako entrenatzaileari. Gainera, zelai erdian futbolari gutxi zituela ohartarazi zuen Granadara bidaiatu aurretik. Azkenean, Abdallahi gazteari aukera ematearen alde egin du bigarren jardunaldi honetan. Nolanahi ere, sistema aldatzeko beharragatik, lehen zatia soilik jokatu du Mauritaniako erdilariak.

Granadak ostegunean Europa Leagueko kanporaketa jokatu zuen Albanian baina nekatuta igartzetik urrun, maila onean dagoela erakutsi du. Alaves, ordea, oraindik ere entrenatzaile berriaren planteamendura egokitzen dagoela nabari da eta oraindik Pablo Machinek lan asko du egiteke.

Prestatzaile babazorroa, horren jakitun, oraindik ere hiru atzelariren sisteman kontu asko orrazteke daudela ohartuta, erabat aldatu zuen taldearen planteamendua bigarren zatia hasi bezain laster. Ximo Navarro eta Duarte hegaleko atzelari gisa zelairatu ziren, Lejeune eta Laguardiarekin defentsa lerroa osatuz.

Hala, Granadaren erasorako bala arriskutsuenak gelditzea lortu du: Puertas eta Machis. Defentsan sendotasuna lortu du baina futbolean golek ematen dute garaipena eta erasoan gehiago egin ezean, egungo Alavesi asko kostako zaio garaipenarekin topo egitea. Deyverson animatuago aritu da bigarren zatian baina ezer gutxi egin du, Joseluk legez, apenas iritsi baitzaie baloi aproposik.

Machisen kolpea

Rioja eta Mendez askeago aritu dira Machinek lau atzelariko lerroa osatu duenetik eta, biek ala biek, lasterketa interesgarriak egin dituzte, eta Deyversonek −mugikortasun handiko aurrelaria izanik− asko eskertu du konpainia. Azken ukitu on hori, askotan golak egiteko funtsezkoa dena, falta izan zaie.

Hain zuzen ere, Edgar Mendezi Rui Silvak eta langak galarazi die gola egitetik, Duarteren erdiraketa paregabe batean. Eta, une hartan sinestea zaila egin bada ere, minutu gutxira kolpe galanta jaso du talde gasteiztarrak Machisen oinetatik. Duarte beraren hanka-sartzeak venezolarrari ahalbidetu dio Pachecoren aurrean bakar-bakarrik geratzea, 2-1ekoa egiteko erraztasun guztiarekin, amaierarako hamar minuturen falta zirela.

Hasiera kezkagarria eman dio denboraldiari Pablo Machinen taldeak eta komeni zaio berandu baino lehenago ikasturtea ondobidera bideratzea. Getafe jasoko du larunbatean (13.00etan).

«Dinamika aldatzeko» beharra

Pablo Machin entrenatzaile babazorroaren ustez bere taldeak ondo lehiatu du Granadan baina, era berean, «dinamika aldatzeko» beharraz mintzatu da, «garaipenek eta puntuek» kofiantza emango dietela iritzita. 

Justu Machisek 2-1ekoa egin aurretik Edgar Mendezek huts egindako aukeraz gogoratu da Los Carmes estadioko prentsa aretoan. Aukera hori «erabakigarria» izan dela adierazi du.

Defentsa lerroa aldatzeari dagokionez, Soriako prestatzaileak onartu du astean zehar lan egin dutela lau atzelariekin eta horrela jokatzea aurreikusita zutela «gehiegi sufritzen genuela ikusiz gero».