Amaia U. Lasagabaster

Athletic, Real, Eibar eta Osasuna neskak lehian: Euskal Herria Kopa aste honetan jokatuko da

Euskal Herria Kirolak antolatutako txapelketak formatoa aldatu behar izan du pandemiaren eraginez. Athleticek, Realak, Eibarrek eta Osasunak jokatuko dituzte finalerdiak eta finala igandean lehiatuko da.

Realak jantzi zuen iaz txapela, finalean Athletic aise gainditu ondoren. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Realak jantzi zuen iaz txapela, finalean Athletic aise gainditu ondoren. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Euskal Herria Kopak txapeldun berria izango du igandean. Euskal Herria Kirolak covid19ak sortutako eragozpen guztiak gainditu eta txapelketaren 10. edizioa antolatu du, formatoa moldatu behar izan badu ere. Lau taldek hartuko dute parte eta asteazkenetik eta igandera bitartean jokatuko dira finalerdiak, konsolazio finala eta finala.

Etzi lehiatuko dira finalerdiak: Athleticek eta Eibarrek Lezaman jokatuko dute (18.00) eta Realaren eta Osasunaren arteko neurketa Zubietak hartuko du ordu berean. Partida bien galtzaileek konsolazio finala jokatuko dute larunbatean Fanderian (17.30) eta irabazleak, iaz Realak jantzi zuen txapelaren bila arituko dira igandean Urritxen (16.00), ETBk zuzenean eskainiko duen finalean.

2020ko Euskal Herria Kopak beste berritasun batekin dator, hurrengo asteotan jokatuko baita datorren urteko txapelketaren lehen fasea. Antolatzaileek aurreratu dutenez, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa Garaia eta Lapurdiko futbol talde onenek jokatuko dute sailkapen fase hau eta garaileek hurrengo edizioaren fase finalean parte hartuko dute. Partidak irailaren amaieratik urriaren 11ra bitartean jokatuko dira, oraindik data zehatzak finkatzea falta bada ere.

EUSKAL HERRIA KOPA - FINALAK

2011 (Bakio): Athletic, 4 - Real Sociedad, 1

2012 (Beasain): Real Sociedad, 2 - Athletic, 0

2013 (Azpeitia): Athletic, 1 - Real Sociedad, 0

2014 (Bilbo): Athletic, 3 - Real Sociedad, 1

2015 (Zarautz): Athletic, 1 - Real Sociedad, 0

2016 (Gernika): Athletic, 3 - Real Sociedad, 0

2017 (Elgoibar): Athletic, 3 - Real Sociedad, 0

2018 (Zornotza): Athletic, 5 - Real Sociedad, 1

2019 (Azpeitia): Real Sociedad, 3 - Athletic, 0