NAIZ

AHTren kontrako borroka forma berriak hartzen ditu Val di Susan

Italia eta Estatu frantsesa lotuko duen AHTren proiektuak aurrera darrai Val di Susan. Eta honekin batera, baita ere lan erraldoi honen kontrako oposizioak ere, forma berriak hartuz. Gertutik ezagutu dituzte bertan izan berri diren Euskal Herriko AHTaren kontrako mugimenduko kideek.

AHTaren kontrako ekimen bat, Val di Susan. (AHTRIK EZ LAUTADA)
AHTaren kontrako ekimen bat, Val di Susan. (AHTRIK EZ LAUTADA)

Turin eta Lyon lotuko dituen AHTaren egitasmoa ez da berri. Hogeitamar urte daramatzate Alpeetan eragin larriak izango dituen lan erraldoi honekin. Eta hogeitamar urte daramatzate ere makroproiektuaren aurka borrokan. Gertutik ezagutu dituzte borroka molde berriak bertara joan berri diren AHTaren kontrako mugimenduko kideek.

«Presidio dei mulini» izeneko espazioa da horietako bat. «‘Presidio’ edo zaintza postu hau, AHTaren aurkako militanteengatik okupatua dago jabearen onespenarekin, ekainaren 11tik, konfinamenduaren ondoren obrekin hasi zirenetik. Trenbide sarearen tunel osagarri baten sarrera babesteko, estatuak hartuta daukan zonalde gorriaren barruan kokatua dago ‘presidio dei mulini’. Hainbeste urteren ostean eta zonaldeko biztanleen borrokaren ondorioz, tunel hau da, Italiako zonaldeari dagokionez, obretan dagoen zati bakarra. Zonalde gorria izateak sarrera debekatua dagoela esan nahi du», azaldu dute. 

«Eremuaren barruan jabetzaren bat dutenek soilik daukate sartzeko baimena, eta hala eta guztiz ere, polizia eta ejerzitoaren kontrolak pasa behar dituzte. Estatuak helburu horretara bideratzen dituen baliabide pertsonal eta ekonomikoen gastua eguneko 90.000 euro ingurukoa da. ‘Presidio dei mulini’ jabetza pribatuko aintzinako errota batzuk dira, horregatik, oraingoz poliziak ez du jendea aterarazi», gaineratu dute.

No TAV mugimendu anitza dela nabarmendu dute Euskal Herritik joandakoak. Susa bailarako udal gehienekin batera, talde katoliko, anarkista eta autonomoak ere aritzen dira AHTaren kontra. «Aniztasun horrek, mobilizazio garrantzitsuak antolatzeko gaitasunak eta egiten dituzten ekintzen inguruko akordioek, indarra ematen diote mugimenduari, eta hainbeste urtetan zehar irautea ahalbidetu du», nabarmendtzen dute Euskal Herritik joandakoek.

«Egiten dituzten ekintzei dagokienez, talde guztien arteko akordio bat dute: pertsonen integritate fisikoa ez kaltetzea. Testuinguru horretan, hainbat militantek azpimarratu digutenez, No TAV mugimenduarentzat ‘obren aurkako sabotaiak erresistentzia baketsuko ekintzak dira’. Mugimenduko kide batek esaten zigun manifeztazioek obren aurkako sentimendua adierazten dutela eta beharrezkoak direla, baina obrak gelditzeko konfrontazio fisikoa ere guztiz beharrezkoa dela», azaldu dute.

«Ildo beretik, Emilio Scalzok, etxean atxilotuta dagoen 65 urteko kideak, Italiako ministro batek egindako adierazpenak gogorarazi dizkigu: ‘zuek jarraitu manifestatzen, guk obrekin jarraituko dugula’», gaineratu dute.