NAIZ

Prostituzioaren abolizioa aldarrikatu dute Nafarroako zenbait eragilek

Nafarroako zenbait eragilek prostituzioaren abolizioa aldarrikatzen duen manifestu bat aurkeztu dute Espainiako Gobernuak Iruñean duen ordezkaritzan. Emakumeen Trafikoaren eta Sexu Esplotazioaren aurkako Nazioarteko Eguna aprobetxatu dute testua aurkezteko. Elkarretaratze bat egin nahi izan dute, baina Poliziak ez die utzi. 

Nafarroako Gobernuak prostituzioaren aurkako plan bat iragarri zuen duela bi aste.
Nafarroako Gobernuak prostituzioaren aurkako plan bat iragarri zuen duela bi aste.

Prostituzioaren abolizioaren aldeko Nafarroako plataformako kideek, Emakumeen Mugimendu Demokratikoaren kideek eta Ehuleak-Emakumeen aurkako tratu txarren ikerketaren aldeko batzordeko kideek manifestu bat aurkeztu dute Espainiako Gobernuak Iruñean duen ordezkaritzan Emakumeen Trafikoaren eta Sexu Esplotazioaren aurkako Nazioarteko Eguna aprobetxatuz.

Elkarretaratze bat egin nahi izan dute, baina Espainiako Poliziak ez die utzi.

Aipatutako eragileek prostituzioaren abolizioa jasoko duen lege bat aldarrikatzen dute aurkeztutako testuan. Nabarmentzen dutenez, legea «premiazkoa» da prostituzioan aritzen diren emakumeek jasaten duten indarkeria saihesteko.

Haien ustez, hiru ardatz izan behar ditu legea. Alde batetik, prostituzioan aritzen diren emakume guztien eskubideak bermatu behar ditu, jaioterria kontuan hartu gabe. Halaber, esplotazio sexuala sustatzen duten sareak desegin behar dira; eta neurriak hartu behar dira «eskaria desaktibatzeko».

Mugimendu hauek manifestuan adierazten duten bezala, neurriak hartu behar dira proxeneten aurka, eta ez emakumeen aurka, Herritarren Segurtasunerako Legea eta Kode Penala aldatuz.

Lege berria

Irene Montero Berdintasun ministroak Espainiako Gobernuak garatzen ari den legeari buruz hitz egin du Kongresuan. Azaldu duenez, burdelen jabeak zigortzeko neurriak jasoko ditu legeak. Helburua da proxenetismoarekin amaitzea.

ERCko diputatua den Pilar Valluergak egindako galderak erantzun ditu Monterok. Politikari soberanistak eskumenak erkidegoen eskuetan uztea eskatu dio ministroari, eta konfinamendua pausuak emateko unea zela ohartarazi du.