Ane URKIRI

Antxoa apenas saldu da euskal kofradietan eta «prezioari ezin eutsita» aritu dira enkantean

Asteartean itxi zen aurtengo antxoaren kanpaina. Apirilean ohi baino beranduago ekin zioten arrantzatzeari pandemiaren ondorioz eta Gipuzkoako Kofradien Federakundeko idazkari nagusi Miren Garmendiak nabarmendu duenez, prezioei dagokionez, kanpaina eskasa izan da.

Antxoaren kanpainaren hasierako argazkia, Getarian. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Antxoaren kanpainaren hasierako argazkia, Getarian. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

«Esango nuke arraroa izan dela», adierazi dio NAIZi Gipuzkoako Kofradien Federakundeko idazkari nagusi Miren Garmendiak antxoaren kanpainaren balorazioa eskatu zaionean. Gobernu espainoleko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak asteartean bukatutzat eman zuen Kantauri isurialdeko antxoaren kanpaina, kuota osoa betetzean. Orotara, 25.509 tona antxoa arrantzatu ahal izan dute baporeek.

Azken 5 mila tona inguru batez ere hegaluzearen sasoia amaitu berritan arrantzatu dituzte; izan ere, antxoaren harrapaketa ohi baino beranduago hasi zen covid-19aren pandemiaren ondorioz. Honek, lan guztia atzeratu zuen eta azkenean, ekainaren erdialdean, arrantzaleak hegaluzearekin topatu ziren itsasoan.

Arazo nagusi bat ikusi du Garmendiak aurtengo sasoian baina ez daki arrazoia zein izan daitekeen. Bizkai eta Gipuzkoako «portuetatik kanpo saldu da antxoaren gehiengoa», dio eta honek eragin zuzena izan du kofradien diru-sarreretan. Apirilaren hirugarren astean arrantzan hasi zirenean Kantabria aldera joan ziren Bizkai eta Gipuzkoako baporeak, antxoa bertan zegoelako eta azken hilabetean Galiziaraino joan izan behar dute.

«Kofradientzat galera handia da, hala nola merkatarientzat ere, logistikoki garestiagoa baita», azaldu du.

Prezio minimoa

«Prezioei ezin eutsita ere aritu gara», ohartarazi du. Kanpaina hasi berritan zurrunbilo handia sortu zuen antxoak enkantean izan zuen salneurria eta Gipuzkoa eta Bizkaiako kofradien federakundeek prezio minimo bat ezartzea erabaki zuten.

Aipatu prezio minimoa 70 zentimotan ezarri zuten eta salneurria zehaztean ere Garmendiari igartzen zaio baxuegi saldu izanaren sentsazioa. Prezio minimoa ezartzearekin, «irteera» eman zaio saldu gabeko antxoari, baporeetako patroiak are prezio barregarriagoan saltzera behartuak izan ez zitezen.

Esaterako, Gipuzkoan Opeguiren bitartez antxoa kantitate bat transformatu egin da beranduago saltzeko edota kongelatu egin da. Transformazio horiek konpentsatzeko diru-laguntzak ere aktibatu dituzte, baina soilik %25arentzat. Orain, transformatutako produktua saldu beharko dute.

«Lan asko eginez» prezioa nolabait eusten saiatu direla nabarmendu nahi izan du eta beraz, onartu du prezioei dagokionez sasoia eskasa izan dela. «Merkatua ere asko txikitu da pandemiaren eraginez» eta honek eragin zuzena izan duelakoan da Garmendia.

Antxoa espezie delikatua dela gogorarazi du; hau da, porturatu bezain laster «irteera» eman behar zaiola eta ostalaritza sektorea igartzen ari den krisiak –zenbait hilabetez geldituta egon da eta oraindik ere guztiz berpizteko asko geratzen zaio– zuzenean eragin duela iritzi du.

Tamaina, beste faktore bat

Beste faktore garrantzitsu bat ere tamainarena izan da. «Tamainak asko esan nahi du eta ez da egon» tamaina handiko antxoarik, kontserbetarako egokia dena. Honek ere baldintzatu egin du enkanteko prezioa. 

Nolanahi ere, hegaluzearen sasoia inoiz baino goiztiarrago itxi den udara honetan, oraindik antxoa arrantzatu ahal izatea arrantzaleentzat hauspoa suposatu duela uste du, «bestela sardina harrapatzeko goiz baita eta ez dabil txitxarro askorik».