Ramon SOLA

Deustoko Unibertsitatetik dator Jonan Fernandezen ordezkoa, EAJri estuki lotua

Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Gipuzkoako ahaldun nagusiaren kabinete-burua izan zen, Sabino Arana Fundazioan aritu da, EAJ eta Agirre lehendakariari buruzko liburuak idatzi ditu eta azken urteak Deustoko Unibertsitatean eman ditu. Jose Antonio Rodriguez Ranz aukeratu dute Lakuako Giza Eskubideen arduradun berria izateko.

Artolazabal eta Rodriguez Ranz, sailburua eta zuzendaria. (Deustoko Unibertsitatea)
Artolazabal eta Rodriguez Ranz, sailburua eta zuzendaria. (Deustoko Unibertsitatea)

Jose Antonio Rodriguez Ranz izango da Giza Eskubideen arduradun berria Iñigo Urkulluren Gobernuaren organigraman. Izendapena ez da ofiziala, baina Vocento taldeko hedabideek argitaratu dute eta sail horren buru den Beatriz Artolazabalekin batera agertu da argazkilarien aurrean asteazkenean, Deustoko Unibertsitatearen ikaskurte hasierako ekitaldian.

Izan ere, 2015tik hona Deustoko errektoreordea izan da Rodriguez Ranz, Donostiako kanpusaren ardura bere gain hartuz. Eta aurretik, 2012tik 2015era, Gizarte Zientzien Fakultatearen dekanoa izan zen.

Politika jarduna ez zaio arrotz. Aurreko hamarkadan, 2003tik 2007ra hain zuzen ere, Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Gipuzkoako ahaldun nagusiaren kabinete-burua izan zen Rodriguez Ranz.

Sabina Arana fundazioan ere aritu da Rodriguez Ranz, ‘Hermes’ aldizkaria gidatuz, eta ondorioz Barne sailburua izan zen Juan Mari Atutxarekin harreman estua duela nabarmendu dute Vocento taldeko egunkariek.

Liburu ugari argitaratu ditu, tartean Jose Antonio Agirre lehendakariaren gaineko bat eta EAJri buruzko ‘El péndulo patriótico’ aski ezaguna. Kurrikulum honek guztiak estuki lotzen du Rodriguez Ranz alderdi horrekin.

Orain arte Jonan Fernandez zen Giza Eskubideen arlo honen arduraduna eta zuzendaritza Lehendakaritzaren menpe zegoen. Orain, Emakunderekin gertatu den bezala, hortik atera eta Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politiken sailera pasa da, Artolazabalen gidaritzapean.

Memoria, biktimak edota presoen gaiek hor dute lekua, aldaketarik ezean. Halere, zuzendaritzaren izenari dagokionean ere aldaketa nabariak izan dira azken urteotan: lehen-lehenik Bake hitza desagertarazi zuen Lakuak eta orain Elkarbizitza ere ezabatzea erabaki du. Berdintasuna, Giza Eskubideak eta Kooperazioa izango da izen berria. Ikusteko dago izenarekin batera izana ere aldatuko ote den.