OIHANE LARRETXEA
DONOSTIA
Elkarrizketa
IMANOL RAYO
ZUZENDARIA

«Genero beltzetik abiatzen da, baina gainean du genero guztietan nagusia: tragedia»

‘Bi anai’ (2011) Bernardo Atxagaren izen bereko eleberrian oinarrituta, bere lehen pelikula zenarekin Zinemira saria irabazi zuen Zinemaldian Imanol Rayo (Iruñea, 1984) zuzendariak. ‘Hil kanpaiak’ luzemetraiarekin egin du itzulera, Miren Gorrotxategiren ‘33 ezkil’ nobela oinarri hartuta. Itziar Ituño, Eneko Sagardoy eta Iñigo Aranburu aktoreak dira antzezle zerrenda interesgarri baten buru.

Imanol Rayo zinema zuzendaria, ‘Hil kanpaiak’ filmatze lanetan. (David HERRANZ))
Imanol Rayo zinema zuzendaria, ‘Hil kanpaiak’ filmatze lanetan. (David HERRANZ))

Iraganari iskin egitea zaila izaten da batzuetan eta, halakoetan, ezinezkoa egiten da etorkizunari begiratzea. Eta orainaldia malkartsua izaten da. Zaila arnasa hartzea. Iraganak Garizmendi baserrian zama astunegia du, ilunegia. Etxeko lur eremuan hezur batzuk agertu dira eta Karmen (Itziar Ituño) eta Fermin (Iñigo Aranburu) gurasoek zer egin ez dakitela, Nestor (Eneko Sagardoy) semeari deituko diote. Honek Poliziari hots egingo dio baina, hauek ailegatzen direnerako, hezurrak desagertu egin dira.

Pelikularen abiapuntuan kokatzen du gertaera zuzendariak eta ondoren errenkadan etorriko dira puzzlea osatzeko beharrezkoak diren piezak. Iraganeko gertaera lazgarriak, galerak eta zauriak agerian gelditu dira eta horiek nola sendatu eta itxi asmatzea izango da auzia. Batzuetan posible izaten da; beste batzuetan… ez.

Bigarren lan honekin hasieratik garbi izan du «zinemaren funtsetara» itzuli nahi zuela, «irudiekin kontatzera, soiltasunera». ‘Hil kanpaiak’-en lehen planoek pisua dute, eta «begiradek garrantzi handia. Erakusten dutenagatik baino gehiago, ezkutatzen dutenagatik», adierazi dio zuzendariak NAIZi.

‘Bi anai’ (2011) zure lehen lanetik bederatzi urte igaro dira. Zertan murgilduta ibili zara geroztik? Zertan da berdina eta ezberdina Imanol Rayo, zuzendari bezala?
Urteak azkar joan direla esan beharko dut. Baina bitartean geldirik ez naiz egon, atera ez diren proiektu ugari lantzen ibili naiz. Zentzu horretan, ez dut neure buruarekiko eboluzio edo garapen berezi bat antzematen, proiektuak lantzeko prozedura berdina delako batez ere. Emaitzak berdina diren ala ez ikusleak esan beharko du…

New Directors sailean lehiatuko zara ‘Hil kanpaiak’ lan luzearekin. Nola ondutako proiektuka da?
Joxe Portela ekoizleak Miren Gorrotxategiren ‘33 ezkil’ nobela irakurtzeko esan zidan, era berean Joanes Urkixo gidoilariak berari gomendatu ziolako. Hala egin nuen, eta elementu interesgarri ugari zituela pentsatu nuen, esaterako egitura zatikatu berezia. Hortik aurrera hirurok lanean jarri eta produkzioaren garapena hiru urteren buruan osatu da, gutxi gora behera.

‘Hil kanpaiak’ pelikulak herri batera garama, eta galera handiak izan dituen familia batera. Baita tirabira ilun eta ezkutuetara. Zer kontatu nahi zenuen?
Alde batetik, genero beltzetik abiatzen den istorioa da, baina filma genero beltzarekin hasten bada ere gainean du genero guztietan nagusiena: tragedia. Hori ardatz bezala hartuta, ‘forma’-ren aldarrikapen bat lantzea nahitaezkoa dela uste dut. Generoak beti patroi batzuk errepikatzen ditu, zentzu batean pertsonaien profilak ere arketipikoak dira. Hori kontutan izanik, hori guztia ‘nola’ kontatzen den ikustea da gakoa. Tragediaren kutsua formarekin bat dator kasu honetan, oso era grekoan. Batez ere espazioaren tratamendu berezia dagoelako, denboraren aztarnak nabarmentzeko, betikotasun kontzeptura gerturatuz. Pertsonaiak agertu edo desagertu egiten dira, zendu, eta abar… Baina filmak erakusten dituen lekuak edo bazterrak beti hor egon izan balira bezala agertzen dira. Kontzeptu terrenal edo telurikoak indar handia du.

Heriotza oso presente dago, hasieratik bukaerara, iraganean jazotakoak zein orainaldian. Bakea heriotzarekin bakarrik ailegatzen dela iruditu zait.
Hein batean aurrekoarekin lotzen da, berriz ere betikotasunaren ideia horrekin. Argi dago erredentzio edo berrerospenaren ideia filmaren zutabe nagusia dela. Pertsonaiek erru kanporatze prozesua betetzen dute bakoitzak haien neurrian. Eta hori irudikatzeko modu bakarra sua da, arazketa suak ematen duelako. ‘Dies irae’-az ari gara hitz egiten, azken finean.

Etorkizunari begiratu ezin dion familia da. Karmen ama (Itziar Ituño) jarri duzu erdigunean, asko sufritu duen eta sufritzen duen emakumea.
Karmen da filmaren zutoina. Gertaera batek motibatuta iraganeko mamu guztiei aurre egitera eramango du. Horrek tonu elegiako batera behartzen du istorioa, eta Karmenen inguruan dauden pertsonaiak ere berarekin arrastatzera, modu batean edo bestean erlazionaturik daudelako.

Pelikula itogarria sentitu dut, planteatu duzun tonua, paisaia bera eta familia, baita musika ere. Traman erabat sartzeko lagungarriak izan diren ezaugarriak. Nola planteatu zenituen elementu hauek?
Lehen aipatutako abiapuntutik datoz. Filmak duen egitura zatikatua eszenografiarekin bat dator eta modu horretan pertsonaiak distantziarekin ikustera eramaten zaitu, epaitu gabe. Hortik aurrera argia ere beste pertsonaia bat da, aldarte bat suposatzen duelako eta istorioko momentu zehatzen nondik norakoa definitzen duelako. Musikaren kasuan, korua berriz ere betikotasuna gogoraraztera dator, mantra bat balitz bezala entzuten dugulako beti, fatalitate edo zoritxarra deitzea adjektibo bat jartzea litzateke eta egia esan adjektibo guztien gainetik dago, baita gertaera eta pertsonaia guztien gainetik ere. Era berean, momentu oso konkretuetan entzuteak gero isiltasun uneak nabarmenagoak izaten laguntzen du, espazio beteen eta espazio hutsen txanda joko bat osatuz.

Garizmendi baserriak berak beste pertsonaia bat dirudi, izugarrizko zama dauka.
Izaera mitologiko baten antza hartzen du, amaierako irudiak ere hala iradokitzen du. Beste eskenatoki guztiekin bezala, honen igaroaldia ikusi dugulako. Aldiro ikusten diren lekuak erakusteak garrantzi handia du, ziurrenik hor zerbait gertatuko delako. Eta baita ere iraganeko gertakariak orainaldiko gertakari berberak direla erakusteko.

Pertsonaia nagusien artean emakume bakarra dago, Itziar Ituño, bere bizitzan klabeak izan diren gizonez inguratuta: Aitor eta Nestor semeak, Fermin senarra eta Estanis koinatua. Inguruko gehienak ere (apaiza, tabernako bezeroak…), indar edo presio berezia emango balio bezala konposizio horrek erdigunean dagoen emakumeari.
Erabateko konposizioa da. Eta beste behin hasierako ideietara goaz. Era berean, funtsezkoa da testuinguru soziala anekdota hutsean uztea. Adibidez, euskal historiaren garai desberdinetan igarotzen dira hainbat ekintza: ETAren berun urteak, Guardia Zibila eta narkotrafikoa… Baina kontaketa bera guzti horren gainetik doa. Denboran atzera eta aurrera bagoaz ere, eta agian batez ere horregatik, denborazkotasuna da istorioaren nortasun ezaugarririk nabarmenena.

Pelikulak atzera saltoak egiten ditu maiz, iraganeko pasadizoak kontatzen dira gaurko egoerak ulertzeko. Eta pixkanaka egin duzu, pixkanaka goaz puzzlea osatzen…
Gauza batzuk erakusten diren arren funtsezkoa da beti erantzunak eman beharrean galderak egitea. Pelikularen egitura berak hutsune asko ditu eta tarte horiek osatzera gonbidatzen du ikuslea. Tratamendu eliptikoa, ikusten dena eta ez dena, irudian dagoena eta kanpoan dagoena, erabat deliberatua da eta ikuslea adi egotera behartzen du.