‘Asa ga kuru/True Mothers’, amatasunaren aurpegiak

‘Genpin’ eta ‘Vision’ iradokitzaileen ostean, Naomi Kawase hirugarrenez sartu da Urrezko Maskorraren lehian ‘Asa ga kuru/True Mothers’ filmarekin. Amatasunaz eta familia orekaz hausnartzen duen pelikula eraiki du zuzendari japoniarrak.

Amalur ARTOLA|2020/09/25
True_mothers
Amatasuna baliatu du Kawasek beste zenbait gai mahai gainean jartzeko. (NAIZ)

Naomi Kawase zinema zuzendari japoniarra hirugarrenez sartu da Urrezko Maskorraren lehian ‘Asa ga kuru/True Mothers’ filmarekin. Aurretik ‘Genpin’ (2010) dokumentala eta ‘Vision’ (2018), giza existentziaren gaineko bidaia poetikoa proposatzen duen filma aurkeztu zituen Sail Ofizialaren barruan. Orain dakarren ‘Asa ga kuru’ Cannesen zen aurkeztekoa, baina jaialdia bertan behera geratu izanak Donostiako hautaketa ofizialean lekua egitea ahalbidetu du.

Filmean gurasotasunaren gaineko hausnarketak dakartza Kawasek, abiapuntu horretatik hasita bestelako zenbait gai mahai gainean ipintzeko. Zehazki, tramak Satoko eta bere senarra aurkezten dizkigu, familia osatzeko haur bat adopzioan hartuko duen bikotea. Urteak igaroko dira eta ura bere bidetik doala dirudi, baina haurraren ama biologikoa dela esaten duen emakume bat agertzeak desoreka eragingo du euren ongizatean. Une horretatik aurrera, Kawasek ustezko ama biologikoaren historia berreraikiko du, baita haurra adopzioan hartu duen familiarena ere.

Bideokonferentzia bidez eman ditu Kawasek bere filmaren xehetasunak. Ama adoptiboak biologikoa ezagutzeko aukera du filmean eta, horren gainean, zuzendariak argitu du orokorrean Japonian ez dela ohikoa egoera hau, «gertatzen dena da zenbait GKEk amak elkar aurkezten dituztela haurra ematerakoan». Une horretatik aurrera ama adoptiboa (Hiromi Nagasaku) izango da haurra zaintzearen ardura hartuko duena, horretarako bere ibilbide profesionala baztertu behar badu ere: «Japonian emantzat jotzen da emakumea prestatuagoa dagoela haurrak zaintzeko, eta naturalena horrela aurkeztena iruditu zitzaidan», azaldu du.

Bide horretatik, bi amak interpretatzen dituzten aktoreekin egindako lanaz ere mintzatu da Kawase. «Lehenik eta behin, kontuan hartu behar da Hiromi antzezle oso ezaguna dela Japonian. Idol bat izan zen, izar gaztea», azaldu du, eta bere lan egiteko modua izan du hizpide: bere filmak prestatzeko lantaldea etxe baten batu ohi du Kawasek, elkarrekin denbora igaro eta filmaketa hasi aurretik lantaldeak elkar ahal bezain ondo ezagutu dezala bideratzeko. «Hau sorpresa bat izan zen Hiromirentzat, gauza oso berria, baina horri esker sartu zen Satokoren paperean. Ama ona da Satoko, arrakasta du bere lanbidean, emakume pribilejiatua da zentzu horretan. Senarra antzua da ordea eta, adoptatzeko erabakia hartuta, lana uztea erabakitzen du, eta horrek tristura sakon bat eragiten dio, Nagasakuk oso ondo adierazten asmatu duena», jarri du balioan zuzendariak.

Ama biologikoaren papera Aju Makitak jokatzen du, filmatu zutenean 16 urte zituen eta zinemagintzan esperientziarik ez zuen gazteak. «Ez zuen arazorik izan gidoia ikasteko. Haurra maite duen arren harengandik banatu behar du eta pertsonaiaren tristura hori oso ondo islatu du, negarrez ikusten dugunean berekin bat egiten dugu eta uste dut izar handiek duten argia duela, ibilbide oparoa izango duen antzezlea dela», ziurtatu du.

Haurraren begirada

‘Vision’ filmaz ere aritu da, Zinemaldira ekarri zuen azken lana, proposamen askoz poetiko eta abstraktoagoa. «Hark nire gidoia zuen, Nara-n, nire sorlekuan filmatu nuen eta giza izaera eta naturaren gaineko pelikula filosofiko bat zen. Paisaiek garrantzi handia zuten», ekarri du gogora, eta, ‘Asa ga kuru’, ordea, eleberri batean oinarrituta dagoela nabarmendu du. Gidoia, beraz, emanda zetorren: «Obra hartaz gustatu zitzaidan haurraren begirada landu zuela. Ni ere adoptatua naiz eta nire ikuspegia ikusi nuen bertan, nola haur bat aurrera ateratzea ez duten baliabide ekonomikoek edo odolak baldintzatzen, baizik eta maitasunak. Haurrak duen argi hori gai da bi amak batzeko, hori da nobelaz gehien gustatu zitzaidana», nabarmendu du.

Protagonisten iragana flash-back bidez eraikitzen du Kawasek, apurka-apurka pertsonaia bakoitzaren ekintzen atzean dauden arrazoiak argitzeko. Egitura narratibo horren gainean, zuzendari japoniarrak azaldu du «oroitzapenak» bildu nahi izan dituela. «Oroitzapen horiek kateatuta eraiki nahi izan dut pelikula».

Azkenik, amatasunaz ere mintzatu da, bere filmeetan presente egon ohi den elementua baita. «Amatasunak mundua salba zezakeela entzun nuen behin», esan du, eta denok norbaitengandik jaio garen bezala «norbait hezten» dugula uste duela azaldu du. «Interes hori da nire filmeetan amatasunera etengabe itzultzearen arrazoia», ziurtatu du.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK