Maite Ubiria

Parisen erasoei karrikan erantzun eta lurraldearen araberako politikak, EH Bairen erronkak

Ikasturte berriari begirako erronkak aipatzeko Baionan egin duen agerraldian, justizia soziala, hizkuntza eta konponbide prozesuaren alorretan «Parisetik datozen erasoei karriketan erantzuteko» engaiamendua hartu du Euskal Herria Baik. Proposamen zehatzak eginen ditu, bestalde, Euskal Elkargoaren baitan. Hala Baionan eta Biarritzen etxegabeen aurka harturiko erabakiak «onartezintzat» jo ondoren, EH Baik prekarietateari buruzko behatokia sortzeko tenorea dela defendatuko du.

Anita Lopepe eta Iker Elizalde EH Bairen bozeramaleak, gaur, Baionan. (François BERLAND)
Anita Lopepe eta Iker Elizalde EH Bairen bozeramaleak, gaur, Baionan. (François BERLAND)

Osasun larrialdiaren itzalpean frantses Gobernuak agindu dituen eskubideen murrizketak iraunkortu ez daitezen «kalean erantzuna emateko» helburua finkatu du Euskal Herria Baik ikasturte berriari begirako erronkak aipatzeko ostiral goizean Baionan egin duen agerraldian.

Eskubide sozialak, euskara edo konponbide prozesua aintzat hartuta Emmanuel Macronen Gobernuak atzera daraman bidea hartu duela agerian utzi dute Anita Lopepe eta Iker Elizalde EH Baiko bozeramaleek.

Parisek covid-19ak eragindako pandemia zentroalismoan sakontzeko baliatu duela mahaigaineratu du Lopepek, osasun krisiaren aurrean Gobernuak agerturiko eraginkortasun falta nabarmendu duela.

Ildo horretatik, muturreko liberalismoaren errezetarekin jarraitzea egotzi dio Parisko gobernuari. Tokiko errealitatetik urrun garatzen den gobernu eredu horrek bere mugak erakusi dituela krisi honen harira azpimarratu du EH Baiko eledunak.

Bestalde, Hiriburuko ama eskolan murgiltze eredua zabaltzeari Bordeleko errektoreak ezarritako debekua deitoratu du. «Jarrera ideologiko zehatz baten eragina da harturiko erabakia, jarrera ultrajakobino baten adierazle», azaldu du Lopepek. Horrendako, urriaren 10ean hizkuntz eskubideen defentsan Baionan eginen den giza katean parte hartuko du EH Baik.

Hala, Euskal Herrian diseinaturiko «hizkuntza politika ausarta» eta baita hezkuntza eredua bertako baliabideen bidez garatzeko beharra defendatuko du EH Baik.

«Delibero kriminala da, de facto militante batzuk kartzelan hiltzera kondenatzen dituzte». Hitz gogorrak izan ditu Lopepek atzo Zigorren Aplikazio Auzitegiak Jakes Esnal presoa kartzelan atxikitzeko harturiko erabakiaren aurrean. Parisko Gobernuari konponbide prozesuari begira beste perspektiba hartzea galdegin dio, Emmanuel Macronek iragan urteko udaberrian Biarritzen emandako hitza betetze aldera.

Proposamenak Euskal Elkargoari begira

Baionako eta Biarritzeko udalek «etxegabeen aurka» harturiko erabakiak arbuiatu ditu EH Bilduk, «sinpleki onargaitzak direlako».

Iker Elizaldek iragarri duenez horren harira proposamen zehatza aurkeztuko dute Euskal Elkargoaren baitan. Hala, prekarietateari buruzko behatokia plantzan ematea galdeginen du EH Baik.

Horrekin batera igandeko lanaren gainean eta 5G sarearen zabalpenari buruz proposamen bina aurkeztuko dituztela iragarri du.

Gobernantza ereduari dagokionez Euskal Elkargoaren eskutik eredu deszentralizatu baten alde jarraituko duela lan eginen EH Baik baieztatu du Elizaldek, lurraldeen arteko orekak atxikitzeko. 

Era berean eskumen gehiago izanen duen erakundea bati buruz gogoeta egiteko unea badela aldarrikatu du EH Baik. Iragan ekainean burutu ziren herriko bozen ostean mugimendu ezkertiar, abertzale eta ekologista «indarturik atera denez» botoemaleen eskutik eskuratutako sostengua Euskal Elkargoaren politiketan eragiteko baliatu nahi dutela azaldu du Elizaldek.

Ikasturte politikoaren erronkak aipatzeko eta baita heldu den udaberrian eskualderako eta departamendurako izanen diren bozen aurrean erabakiak hartzeko ere Euskal Herria Baik bere biltzar nagusia bilduko du heldu den azaroaren 7an.