Naiz

Nafarroako AHTaren obrak «unerik ahulenean» daudela iritzi du Mugitu! mugimenduak

Espainiar Poliziak, duela bi aste, Mugitu! mugimenduko zortzi kide atxilotu ostean, plataformak agerraldia egin du gaurkoan. Bertan, Nafarroako AHTaren obrak «historiako unerik ahulenean» daudela azpimarratu eta mobilizazioekin jarraitzeko deia egin dute.

Mugitu! mugimenduak Iruñean egin zuen ekintza. (@ibaiazparren)
Mugitu! mugimenduak Iruñean egin zuen ekintza. (@ibaiazparren)

Duela bi aste, espainiar Poliziak Mugitu! nugimenduko zortzi kide atxilotu zituen AHT-aren lanak geldiarazteko ekintza batean parte hartzea leporatuta Honi erantzuteko agerraldia egin du plataformak Iruñean.

Jakinarazi dutenez, «funtzio publikoak usurpatzea, dokumentuak faltsutzea eta derrigortzea» leporatzen diete zortziei eta bertan izan ziren bi kazetari ere ikertu dituzte. «Ekintza baketsu hark amaitu gabe dauden AHTko lanak, hala nola Nafarroako korridorea eta Euskal Y-a, geldiaraztea sinbolizatu nahi zuen, hain zuzen ere, AIREF (Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza independentea) bezalako erakunde batek gobernu zentralari gomendatzen diona», adierazi dute.

Bestetik, gogora ekarri dute plataformako hiru kide espainiar Gobernuak Iruñean duen Gobernu Ordezkaritzan kateatu izana. 
«
Horregatik guztiagatik etorri zen mugimenduari eman nahi izan zioten errepresio kolpea, garai zaharrak gogorarazten dizkigun sarekada baten bidez, epailearen agindurik gabeko atxiloketa koordinatuekin eta akusazio eldarniotsuekin, AHTaren aurkako mugimendua eta, oro har, herri mugimendu osoa berriro beldurtu, desmobilizatu eta kriminalizatu besterik egin nahi ez duena, gatazka sozial handiak sortzen ari diren garai hauetan».


Nafarroako AHTaren obrak «historiako unerik ahulenean» daudela iritzi dute. Horren eredu jarri dute «bi azpitarte geldiaraztea, krisi ekologiko eta ekonomikoaren hazkundea edo sistemaren beraren baitako ahots diskordanteak gero eta sendoagoak izatea eta haientzat kezkagarriena, herritarren sektore gero eta gehiago direla obra horiek jarraitzearen aurkakoak».

Honela, AHTaren aurkako mobilizazioarekin jarraitzeko deia egin dute eta «inoiz baino gehiago desobeditzera Euskal Herriaren historiako azpiegiturarik xahutzaileena, suntsitzaileena eta antisozialena, egungo krisi ekologiko eta ekonomikoa gehiago sakonduko duena.