Asier AIESTARAN

Aspeko pilotariek «bidezko irtenbide bat» eskatu dute Baikon bizi den gatazkarentzat

Eibarko enpresako pilotariek ohar bat kaleratu dute egoerarekin «oso kezkatuta» daudelako eta arazoa «errudunik gabe eta harrotasunak alde batera utziz» konpondu dadila eskatuz, «ematen ari garen irudia lotsagarria delako».

Aspeko pilotariak, Lasorekin txantxetan aurkezpen ekitaldi batean (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Aspeko pilotariak, Lasorekin txantxetan aurkezpen ekitaldi batean (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Pilota munduko hainbat eragilek aurrez egin bezalaxe, Aspeko pilotariek ere ohar bat kaleratu dute Baikon bizi duten gatazkari amaiera ipintzeko eskatuz.

«Aspeko pilotariok gure iritzia eman nahi dugu pilotan azken egunotan gertatzen ari den egoeraren gainean eta, batez ere, Baikon pairatzen ari direna. Gu ere oso kezkatuta gaude ikusi eta bizi dugun injustizia egoerekin. Gure ustean ez dira ohikoak eta aurretik ez da horrelakorik gertatu», hasten dute beren oharra.

«Bidezko irtenbide bat eskatzen dugu, errudunik gabe eta harrotasunak alde batera utziz. Azken finean, ematen ari garen irudia lotsagarria delako», salatu dute, eta adibide moduan Aspen Covid-19ak eragindako krisiari aurre egiteko lortutako akordioa ipini dute adibide moduan. «Ez dezagun aitzakiarik jarri, Coronavirusa arazotzat jarriz. Gure enpresan egin dugun bezala, akordio batetara heltzeko pausoak ahalbidetu daitezela», eskatu dute.

«Horrenbeste maite dugun kirolean gehiago pentsatu behar dugu eta denen laguntzarekin aurrera egin. Bestela, aspalditik pilota indartzeko egin diren pauso guztiak pikutara joan daitezke. Nahikoa dugu!», gaineratu dute Aspeko pilotariek.

Azkenik, Baikon kontraturik gabe geratu diren pilotari gazteekin gogoratu dira. «Iosu, Victor, Unai eta Joni gure elkartasuna adierazi nahi diegu», amaitzen da "ASPEko pilotariak" sinadura daraman oharra.