NAIZ

Iñaki Bilbao Goikoetxea ospitalera eraman dute, 20. greba egunean

Iñaki Bilbao Goikoetxea presoa Cadizeko Puerto Realeko ospitalean dago atzotik, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak berri eman duenez. Duela 20 egun gose greba hasi zuen Puerto III espetxean.

Iñaki Bilbao Goikoetxeari elkartasuna adierazteko manifestazioa egin zuten Bilbon joan zen larunbatean. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Iñaki Bilbao Goikoetxeari elkartasuna adierazteko manifestazioa egin zuten Bilbon joan zen larunbatean. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak bere webgunean jakinarazi duenez, Iñaki Bilbao Goikoetxea Cadizeko Puerto Realeko ospitalean ingresatu zuten astelehen arratsaldean. Efe agentziak ere baieztatu du albistea, Espetxe Erakundeetako iturriak aipatuta.

Ospitaleratzeko agindua Auzitegi Nazional espainolak eman zuen auto batean; «bizirik mantentzeko egin behar den guztia» egin dadila ere agindu du epaitegiak, Aminstiaren Aldeko Mugimenduak dioenez. Anbulantzian eraman zuten.

Dani Pastor presoa Iñaki Bilbaorekin egon zen erietxera eraman aurretik eta duela 20 egun hasi zuen gose grebarekin jarraitzeko asmoa duela berretsi zion, aipatu iturriaren arabera. «Euskal Herria independente, sozialista, batua eta euskalduna» aldarrikatzeko ekin zion barauari.

Bilbaorekin elkartasunean Dani Pastor, Oskar Barreras eta PCE(r)ko Juan Martinezek baraua egingo dute asteazkenean.