NAIZ

Bere izena duen torneo batekin emango diote jarraipena Kepa Arroitajauregik egindako lanari

Urrian zehar 32 pilotari ariko dira, paleta gomaz eta eskuz, mutil eta neska, Iurretako pilotari, teknikari eta antolatzailearen omenez jokatuko den torneoan.

Kepa Arroitajauregi, txapelketa baten aurkezpenean. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Kepa Arroitajauregi, txapelketa baten aurkezpenean. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Maiatzean bere bapateko heriotzak sortutako samina gainditze bidean dutela, Kepa Arroitajauregik bere ibilbidean egindako lanari jarraipena ematea erabaki du, Munduko Pilota Batzarra buru, pilotazale talde batek eta, ezin bestela, bere bizitzako hainbeste ordu hartu zizkion Abadiñoko Tornosolo trinketean bere izena daraman torneo bat antolatu dute, ostiral honetan hasita.

Iurretarraren izaerari jarraiki, txapelketa ahalik eta anitzena antolatu dute, trinketean, eta emakume pilotarien parte hartzea bermatzen duena. Bidasoatik hegoaldera gutxi izango dira trinketa Kepa Arroitajauregik adina maite izan dutenak, modalitate guztietan gainera, eta horregatik txapelketak paleta gomazko mutilen eta nesken lehiaketak izango ditu, baita gizonezkoen eskuz binakako bat. Guztira 32 pilotari lehiatuko dira hurrengo asteetan Abadiñoko Tornosolon, 9 bizkaitar, 5 gipuzkoar, 7 arabar, 6 nafar, Ipar Euskal herriko lau ordezkari eta argentinar bat.

Ostiral honetan gomazko paletako final laurdenak jokatuko dira eta bi aste geroago ekingo zaie finalerdiei. Hortxe hasiko da eskuzko lehia, Arabiourrutia-Ducassou /Ziarrusta-Guichandout eta Ospital-Ugarte /Larralde-Aspururen arteko partidekin. Nabarmentzekoa da, garaia onena ez den arren, Ipar Euskal Herriko Berezko pilotariek ez dutela zalantzarik izan Abadiñon izateko Kepa Arroitajauregiri egindako omenaldian parte hartzeko.

150 lagun gehienez

Munduko Pilota batzarreko Fernando Azkaratek aurkezpenean nabarmendu zuenez, asmoa omenaldi jendetsu bat egitea da, baina momentuko osasun egoerak eragozten duenez, aurreragorako utzi dute. Arrazoi beragatik, Tornosolo pilotalekuan 150 lagunek baino ezin izango dute egon partidak jokatzen diren bitartean eta sarrerak aurrez eskatu behar izango dira. Finalak urriaren 30erako aurreikusiak daude eta ETB-ko kamerek jasoko dute trinketean gertatzen denaren berri.

Izan da Tornosolo trinketari Kepa Arroitajauregi izena jartzeko eskaerarik, baina Iurreta bere jaioterrian bertako pilotalekuarekin antzerako ekimen bat izan denez, familiak hala eskatuta, bigarren ekimen honek egingo du aurrera.