Naiz
Uharte

«Euskararen garapenean jauzi handi bat emateko», Nafarroan ere Euskaraldia aurkeztu dute

Uharten egin duten ekimenean, Euskaraldian parte hartuko duten Nafarroako eragileetako ordezkari ezberdinak izan dira. Lurraldeko 119 udalerritan antolatu dira dagoeneko batzordeak eta ia 600 zentrotan sortu dira «euskaraz lasai aritzeko» ariguneak.

Uharten ere aurkeztu dute Euskaraldia. (EUSKARALDIA)
Uharten ere aurkeztu dute Euskaraldia. (EUSKARALDIA)

Euskaraldia aurkeztu dute Nafarroako hainbat eragilek gaur goizean Uharten egindako prentsaurrekoan. Euskal hizkuntza sustatzea helburu duen ariketa sozialaren bigarren edizioa azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da eta nafar gizarteari parte hartzeko dei zabala egin diete antolatzaile eta norbanako ezagunek.

Besteak beste, bertan izan dira Oskar Zapata Nafarroako Euskaltzaleen Topaguneko ordezkaria, Mikel Arregi, Nafarroako Gobernuko Euskarabidea euskararen nafar institutuko zuzendaria, Arrate Illaro, Euskaraldiko koordinatzailea, Kike Amonarriz, Euskaltzaleen Topaguneko presidentea, Oskia Ugarte, Uharteko museoko ordezkaria, Oier Sanjurjo, Osasuna futbol taldeko kapitaina, Maria Arrasate, Arrasate okindegietako arduraduna, Oianko Garde, Baztango Euskaraldia batzordeko ordezkaria, eta Ion Celestino musikari eta Euskaraldiaren abestiaren sortzailea.

2018 urtean egin zen Euskaraldiaren lehen edizioan milaka nafarrek parte hartu zutela gogoratu dute antolatzaileek, guztira 22.000 lagun baino gehiagok jardun zutela ahobizi edo belarriprest gisara. Bigarren edizioan ere 2018ko ariketako partaideei deia egiteaz gain, parte hartzerik izan ez zutenak parte hartzera animatu nahi lituzketela esan dute antolatzaileek.

Nabarmendu dutenez, Euskaraldia ariketa egiten den artean, ehunka izango dira Nafarroan ariguneak sortuko dituzten era guztietako entitateak. «Euskaraz lasai aritzeko guneak» dira arigune hauek. Enpresak, komertzioak, kultur eta kirol elkarteak, gizarte eragileak edo erakunde publikoak. Guztira Nafarroako ia 600 zentrotan sortuko dira ariguneak.

Gaurko agerraldian hiru entitatetako kideek hitza hartu dute: Osasuna futbol taldeko kapitain Oier Sanjurjok, Uharte Zentroko ordezkari Oskia Ugartek eta Arrasate okindegietako arduradun Maria Arrasatek. Sanjurjok «Osasuna moduko entitate batek euskararen erabilera bultzatzeko ekimenean parte hartzeak duen garrantzia» azpimarratu du. Ugartek, bere aldetik, «euskarari ematen dioten lekuari arreta jartzen» lagundu dituela nabarmendu du eta Arrasatek berriz, euskarak «bezeroekin sortzen duen lotura» aipatu du.

Herriz herri osatutako batzordeek antolatzen dute Euskaraldia eta horietan ere eragin du azken hilabeteetan izan den pandemiak. Hala ere, herrien izen-ematea ondo joan dela azaldu dute antolatzaileek. Lehen edizioan baino herri gehiagotan sortu dira aurten Euskaraldia antolatzeko batzordeak eta guztira Nafarroako 119 udalerrik parte hartuko dute Euskaraldian. «Honek, Euskaraldiaren leloak dioen bezala, euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzeko aukera eman dezakeela bistaratu du», azaldu dute.

«Euskararen erabileran eta garapenean jauzi handi bat emateko» Euskaraldiak dituen ezaugarriak «garrantzitsuak» direla azaldu du Euskaltzaleen Topaguneko presidente Kike Amonarrizek eta horregatik, gonbidapena egin die herritarrei parte hartzen ez-ezik, inguruan zabaltzen eta eragiten ekarpena egin dezaten.